Margolari, kantu zale eta danbor joleen txanda bihar

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 28a, 00:00

Jaietako bigarren egunak, gaur gauean parranda egingo dutenen ajearekin batera, kolore guztietako ekitaldi gehiago ekarriko ditu. Larunbat goiz honetarako dago iragarria batetik, ekainaren 29ari hasiera emateko, XI. Pintura Lehiaketa. 

"Zein da Usurbilgo lekuriko erromantikoena?"
Galdera honi marrazki batekin erantzun diezaiokete datozen Santixabel hauetan, herriko 2-16 urte arteko haur eta gaztetxoek. Larunbat goizeko 10:30etatik aurrera, frontoian ospatuko den XI. Pintura Lehiaketan izango da. 

Ekimenean parte hartzeko, komenigarria litzateke, marraztuko den orriaren azpialderako euskarriren bat eramatea. Nahi bada, baita marrazteko materiala ere. Bestela, margoak eta lehiaketarako behar dena, antolatzaileek jarriko dute pilotalekuan bertan. Haurrek eginiko marrazkiak goizean zehar frontoian bertan erakusgai jarriko dituzte. Epaimahaiak baloratu eta hartutako erabakia berriz, 13:00etan lehiaketa gunean emango du ezagutzera. Hamaika sari banatuko dituzte guztira, hamaikagarren edizio honetan. 2,3 eta 4 urtekoen artean, sari bat banatuko da. 5-13 urte artean, urte bakoitzeko sari bat. Eta 14,15 eta 16 urtekoen artean, beste sari bat.

Kantu zaleen hitzordua, 12:00etan
Ikasturtea amaitu berri du Kantu Taldeak. Baina ohi bezala, borobildu, jaietan ospatuz borobilduko du 2012-2013 denboraldiaren amaiera. Santixabeletako kantu-zikiro janaren bueltan. Larunbat honetan ekainaren 29an, 12:00etan hasiko duten kantu jirarekin. Berri eman dutenez, “erabiliko dugun kantu-liburuxka, Kuxkuxtu taldeak berak ekartzen duena izango da”. Gero, kantu-zikiro-jana ospatuko dute Askatasuna plazan. 

Danborrada, 19:00etan
Azken asteotan prestatzen aritu diren danborrada ere larunbat honetan ospatuko da aurten. 19:00etan abiatuko da helduena. Afaltzeko tartea hartuko dute gero. Gauerdian, azken kalejira egingo dute Kaxkoan barrena. Aurten helduen danborrada ospatuko da. Haurrena ez.

Larunbat arratsalderako eskaintza gehiago ere bada. Dema plazan Gipuzkoako II. Mailako Aizkolari Txapelketa ospatuko da 18:30etan. Ordu berean txosnetatik abiatuko da bestalde, triki poteo berezi bat. Askatasuna plaza abiapuntu eta helmuga izan, tabernaz tabernako kalejira eta edaritegi bakoitzean geldialdiak eta jolasak ardatz izango dituen ekimen berria. 

Presoen eskubideen aldeko ekitaldia
Hasiera batean iganderako zegoen iragarria. Hala dio kalean den Santixabeletako egitarauak. Baina azkenean ez. Larunbat honetan 20:00etan Askatasuna plazan burutuko da, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko jaietako ekitaldia. 

Laiotz frontoian, Pariak Bai eta Iseka txosnetan
Gauean musika kontuak. Laiotz taldekoekin erromeria frontoian eta Urola Kosta partetik datozen bi talderen bisita Askatasuna plazako txosnetan: Pariak Bai zarauztarrak eta Zumaiako Iseka taldekoen kontzertuak 23:00etan hasita. Gauean zehar, harrera bikaina izan ohi duen beste ekitaldi bat; platano dantza txosnetan.

Larunbateko ekitaldi eskaintza osoa, hemen:

10:30
 Haur eta gaztetxoentzako XI. Pintura Lehiaketa (materiala bertan banatuko da).
11:00 Toka txapelketa Artzabalen.
12:00 Kantujira. Kuxkuxtu txarangak lagundurik beren kantu-liburuxkarekin.
13:00 Pintura Lehiaketako sari-banaketa.
14:30 Kantu-zikiro-jana txosnetan Kuxkuxturen laguntzarekin.
16:30 Umeentzako Bizikleta Txiki Martxa. Puntapaxeko zubitik abiatuta. Bizikleta eta kaskoa ekarri.
16:30 XXIII. Igel Joko txapelketa Artzabalen.
18:00 Buruhandiak txistulariekin.
18:30 Triki poteoa jolasekin.
18:30 Herri kirolak. Gipuzkoako II. Mailako aizkolari txapelketa (gizonezkoak).
19:00 Helduen danborrada.
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldia.
23:00 Erromeria LAIOTZ taldearekin.
23:00 Kontzertuak txosnetan: Pariak Bai (Zarautz) eta Iseka (Zumaia).
24:00-01:00 Helduen danborrada.
02:00 Platano dantza txosnetan.