Usurbildarrak protagonista izango ditu aurtengo Santixabeletako kontzertu gauak. Gaur gaueko 23:30etatik aurrera, Mendeku Itxua, Sen eta Odolaren Mintzoa taldekoen kontzertuak frontoian. Mendeku Itxuak gainera, 10 urte bete ditu. Eta honen harira, sorpresez josiriko emanaldia prestatu dute ostiral gau honetarako. Taldearen hamarkada luze honetako ibilbidean, lagundu edota gertu izan dituztenak eskertu nahi dituzte. Eta honez gain, kontzertu entzungarri bezain ikusgarria izango dela iragarri dute.
Gaurko emanaldiaren harira, kaleratu berri dugun Santixabeletako gehigarrirako Mendeku Itxua elkarrizketatu dugu. 10 urteotako ibilbidea izan dute ardatz, elkarrizketako galde erantzunek:
Mendeku Itxua Susmotik datorrela esan liteke?
Martin Larrañaga: Egia esan, hiru taldekide Susmotik gentozen. Ixak beste talde batean zegoen. Ander eta Ixak ibili ziren uda batean, bertsioak egiten. Ni ere eurekin biltzen nintzen, gustuko genituen taldeen bertsioak egitera. Asier batu zen gero eta talde itxura eman genion. Hasiera hartan, gu gure beste musika taldeetan egoten jarraitzen genuen, talde hau hor zegoen. Eta gerora, halako batean serioago hasi ginen. Taldeari izena jarri eta kontzertu dezente ematen hasi ginen. Hasieratik ondo funtzionatzen hasi zen. Bagenekien denok nolakoak ginen eta zer nahi genuen.
Mendeku osatzeko aldez aurreko taldeetatik jasotako esperientzia lagungarri izango zitzaizuen?
Musikalki eta eskenatokietan egoteko, taldeok asko lagundu ziguten. Asko ikasi genuen. Talde horiengatik izan ez bazen, ez ginen helduko, ez ginen pauso hori emateko gai izango. Behin pausoa eman eta taldea osatu genuenean, oinarria bagenuela ikusi genuen. Argiago genuen zer nahi genuen eta zer ez. Talde hau jauzi kualitatibo bat izan zen. Jotzen genituen bertsioak, exijentzia maila handikoak ziren. Eta nik uste horrek lagundu zigula denoi eboluzionatzen.
Lehenagoko taldeetan lantzen zenuten musika estiloa eraman zenuten talde berri honetara? Edo haustura egon zen?
Ez da inoiz hausturarik egon. Herriko adin beretsuko lau mutil ginen, musika munduan ari ginenak. Inkontzienteki biltzen joan ginen. Taldea osatu genuenean ez genuen musika estilo definiturik.
Haur Eskolako eraikina izan zen zuen lehen biltokia. Bertan sorturiko lehen abesti hura gogoan duzue?
Haur Eskolako goiko geletan biltzen ginen, garai hartan zeuden beste taldeekin: Sen, Despervicio, D3 eta beste hiru talde baita. Lehen entsegu saiora joan ginenean jada, kanta bat sortzen ari ginen; “ipuin faltsuak” izenekoa. Taldeko lehenengo akordeak ziren. Abesti kuttuna dugu, kanta freskoa da. Kanta horrek laburbiltzen du, urte guztiotako Mendekuren estiloa.
Taldeari izena jartzea kosta zitzaizuen?
Usurbilgo heavyak deitzen ziguten. Izen horrekin ibili ginen ia uda oso bat, izen bat aukeratu arte.
Taldea oso emankorra izan zen hasieratik?
Oinarri bat landua zegoen. Ander eta Ixaken lehen uda hartako lanketa nabarmendu behar da. Taldean segituan hiruzpalau kanta sortu, lehen negua entseatzen pasa eta udan Euskal Herritik barrena ibili ginen. Bost abesti baino ez genituen, eta gainerakoan bertsioak ziren. Guri eskenatokitik bidali egin behar ziguten, orduak eta orduak jo genitzakeen.
Noiz atera zineten kalera? Eta zein izan zen zuen lehen plaza?
2004ko udan, Txokoaldeko Akerra Gaztetxea. Gero Markiñara joan ginen. Hortik aurrerakoa, eromena izan zen. Mendekuk zerbait ona izan badu, emanaldi piloa eskaini izan ditugula.
Kontzertuen soka luze horri, erraz hartu al zenioten neurria?
Ez genuen jakin neurria jartzen. Eromena bihurtu zen. Lehen uda gogorra izan zen, bigarrena are gogorragoa. Azkenean gu honetatik ez gara bizi. Ostirala heldu, larunbat eta igande askotan ere kontzertuak izaten genituen. Edozein lekutara joateko eskatu eta han azaltzen ginen. Edozer gauza egiten genuen kontzertua eskaintzeagatik. Oso uda gogorrak izan ziren lehen bi udak. Hortik etorri zen Asierrek taldea uztea.
Barealdia helduko zen gero?
Lehen lana prestatzen joan ginen. Diskoa grabatu ostean, Asierrek taldea utzi zuen. Hor izan genuen inflexio unea. Asierren ordezkoa bilatzeko probak egin genituen jende onarekin. Baina ez genuen bilatzen nahi genuena.
Luze jo al zuen egoera horrek?
Luzea izan zen guretzat. Asierrek esan zigunetik, hitzartuta zeuden kontzertuak egin genituen eta tarte horretan kide berria bilatzen joan behar genuen. Prozesu horretan Iñigo ezagutu genuen. Ander eta beste usurbildar batzuekin batera Txokoalden biltzen zen, bertsioak egiteko. Iñigo zen musikalki gustuko genuena. Berak baxua jotzen zuen. Mutil jatorra eta herrikoa zen. Arriskatu ginen, baina bere garaian hartutako erabakia onuragarria izan zen.
Halako aldaketa batek nola eragiten du talde baten baitan?
Beti jende berdintsua ibili ginenez, beldur ginen kide berria nor eta nolakoa izango zen. Lau pertsonako taldea oso txikia da eta talde batean norberak bere lekua bilatu behar du. Iñigoren aldeko apustua egin genuen eta erabaki zuzena izan zen.
Zenbat lan zuen ibilbidean? Lan hauek taldearen zer eboluzio marrazten dute?
Bigarren diskoarekin jada, jauzi kualitatibo bat ematen hasi ginen. Haritz Harreguyrekin hitz egin genuen eta estudioan sartu ginen. Gogorra izan zen, hor konturatu ginen ez genekiela ezer. Hor asko ikasi zuen taldeak, bidea ikusten, gure helburuak zein ziren ikusten lagundu zigun. Bestalde, gure lanak geuk ordaindu izan ditugu. Horrek nahi dena egiteko askatasuna ematen du. Baina aldi berean, dena ordaindu arte kontzertuak eskaintzen aritzen ginen. 20-30 bat behintzat. Gauza asko utzi ditugu laurok. Jendeak uste duena baino gogorragoa da hau. Baina gustukoa dugu noski.
2009an beste pauso berri bat eman zenuten, lehen bideoklipa grabatzea Usurbilen?
Gu oso usurbildarrak gara eta hori alde guztietara zabaltzen dugu. Konturatu ginen gauza guztiak Usurbilen egin genitzakeela. Disko guztietan bilatzen dugu herriko argazki bat, edo beti bilatzen dugu erreferentziaren bat Usurbilgo edozein diskoetan. Grabatu ere beti herrian egiten dugu, beti herriko jendea tartean. Beti usurbildarren batekin egon gara, zerbait egiten. Beti herriko jendeaz inguratu izan gara.
Musika estilo hauetako zaletuak nabarmen ugaritu dira urteotan?
Gaur egun edozein gaztetxok duen ezagutzarekin harrituta gareratzen gara. Dena eskuragarriago dute. Herrian hasi ginenean, lagunak kontzertu guztiak ikustera joaten ziren. Beste babes bat genuen. Gero normala den bezala, babes hori galdu genuen. Egun, herrian ez hainbeste baina Euskal Herrian berriz igotzen ari gara.
Hamar urteko ibilbideak ere izango du horretan eraginik?
Hasieran herriko festetan jartzea nahi duzu eta ia ze talderekin. Eta orain Herrerako festetan, SA taldearekin egon gara. Gatibu, Esne Beltza, Zea Mays talde guztiokin jo izan dugu, Usurbildik kanpo. Hori urte askoren poderioz eta gurekiko konfiantza erakutsi dutelako lortu da.
“Jendeari gure hamar urteotako ibilbidea zein izan den erakutsi nahi diogu”
Datorren emanaldia, Santixabeletan. Zer modutan islatu asmo duzue hamargarren urteurrena?
Kontzertu berezi bat eskaintzea erabaki genuen. Kanta zahar batzuk berreskuratuko ditugu, Asier ere igoko da jotzera, gauza batzuk ere prestatuak ditugu. Gure inguruan lanean aritu direnek ere beren momentua izango dute eskenatokian. Mendeku Itxuaren zati izandakoentzako momentua izatea nahi dugu, festetan gaudenez gozatzeko. Gure inguruan dagoen jendea bildu eta eskerrak helarazi nahi dizkiegu. Sorpresa puntua ere eman nahi diogu kontzertuari.
Luzatu gonbita zaletuei…
Badakigula jendea afaritan joango dela. Gu gara lehenengoak afariak ditugunak. Jendeari gure hamar urteotako ibilbidea zein izan den erakutsi nahi diogu, zer ikuskizun ematen dugun orain. Egiten duguna erakutsiko dugu.
Usurbilgoa eta gero, emanaldi gehiago bai begi bistan?
Baditugu baina oraindik baieztatu gabe. Etorriko dira. Usurbilen beste auzoetan jotzeko asmorik ez dugu. Usurbilgo aurtengo emanaldi bakarra Santixabeletakoa izango da.
10 urte igarota, taldeak ibilbide luzeagoa izango du?
Izan ditugu gure gorabeherak, indar pixka bat badugu, gustura ibiltzen gara. Gustura ikusten dut taldea eta horrek Mendekuk aurrera jarraitzea bultzatuko du. Hirugarren diskoko zorrak ordaindu genituen. Zorra ordaindu genuen unetik, jo ahala dirua aurrezten goaz. Ez gara geratu, lanean segitzen dugu. Kantak sortzen ari gara. Laugarren disko bat bideragarri ikusten dut. Aurten ez, baina aurrerago bai.
Zer aportatu dizue pertsonalki Mendeku Itxuak?
Euskal Herriko talde handiekin jotzeko aukera izan dugu, Euskal Herria ezagutzen lagundu digu. Herri batera joan eta bertako herritarrekin izandako elkarbizitza hori ikaragarria da. Eta denboraren poderioz konturatzen zara, horrek denak asko balio duela. Euskal Herrian bidaiatzea, eskenatokia jendea handiarekin partekatzea, eta tartean dagoen elkarbizitza guztia, bai taldekoekin, bai publikoarekin eta antolatzaileekin. Hor hartueman handia dago.
DISKOGRAFIA
2006: “Gure Oihua”.
2009: “Indarrak batuz”.
2010: “Piztien pare”.
Irudia: Ibai Arrieta.