Goiz osoan kalejiran ibili ostean, itzuli dira Oilasko Biltzaileak Kaxkora. Bazkaritarako biltzekoak ziren Askatasuna plazan. Aurretik, Bordatxo aurreko errotondan harrapatu ditugu, trikitilariekin. Dantzan eta giro ederrean. Aipatu moduan, bazkaritarako bilduko dira gaur eguerdian, Askatasuna plazan. Gune honetan ere prest dago guztia, bi txosna eta oholtzarekin. Bazkalostean, 17:00etan jaurtiko dute txosna gunea inauguratuko duen txupinazoa. Jokoak egingo dituzte gero. Eta hortik aurrera, ekitaldiz beteriko bost egun programatu dituzte.
Guztia, autogestioa eta herritarren parte hartzea bultzatu nahi duten gunean bideratuko dute. Aurten gainera bada berrikuntzarik. Azken aldian gazteen mugimenduak izan dituen aldaketen isla izango baitira ate joka ditugun jai hauek ere. Itaya Gazte Asanbladari oraingoan, Usurbilgo Gaztetxea, Akerra Gaztetxea, eta Ernai gazte erakunde berria batu zaizkio antolaketa lanetan. Elkarlana indartu dute beraz, txosna gunea eta bertako jai egitaraua prestatzerako orduan. Ekitaldi eskaintza zabala ospatuko da bertan, datozen egunotan.
LEHIA BIZIA, TXAPELKETETAN
Iazko esperientzia errepikatzen badute aurtengo jokoetan, primeran pasako dutela ziur. Santixabelen hasieran bakarrik ez ordea, jolas moduan har daitezkeen txapelketa gehiago ospatuko dira Askatasuna plazako gunean, jaiak amaitu artean. Horien artean, lehiaketa gastronomikoak. Pintxoak egiten iaioena nor ote?
Mokadu bereziak egiteko norberak duen abilezia erakusteko aukera izango du igande arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Sua eta zartaginak antolatzaileek jarriko dituzte. Pintxoetarako osagaiak berriz, parte hartzaileen esku. Ekimen hau, iazko udan, Ugarte ondoko gaztetxea okupatu berritan burutu zuten, eta orain jaietan esperientzia errepikatzea erabaki dute. Su artean eginiko artelanak nabarmentzeko, epaimahai batek izango du azken hitza. Eta amaieran noski, denak mimoz prestaturiko pintxoak jatera.
Beste hainbeste gertatuko da bi hitzorduokin ere; paella jana eta patata tortilla txapelketa antolatu baitituzte, uztailaren 1 eta 2rako hurrenez hurren. Paella bertan egin eta eginkizun honetan parte hartzen dutenen artean afaltzeko aukera izango dute, astelehen arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Eta Santixabel egunez, ordu erdi lehenago, 18:30etan hasiko da patata tortilla txapelketa.
Badira bestelako estiloko txapelketak ere. Batetik, herri honetan zaletu faltarik ez duen mus txapelketa, Santixabel egunez ospatuko dena. 15:30etatik aurrera. Eta lehenago, igande arratsaldean, garai bateko txirristra ondoan dagoen biribilgunean, urteetan belaunaldi desberdinetako haur eta gazteek baloia baliatuta jokaleku izan duten leku horretan hain zuzen, “ auntoke” txapelketa ospatuko da.
TRIKI ETA ZIKLO POTEOAK
Jolasteko aukera gehiago, ekimen berri bat ere burutuko baitute txosna guneko antolatzaileek. Larunbat arratsaldeko 18:30etatik aurrera, triki poteo berezia antolatu dute. Trikitixak girotuko du tabernatik tabernarako kalejira. Geldialdiak Kaxkoko edaritegien parean egingo dituzte eta une horietan, joko desberdinetan parte hartzeko aukera egongo da. Txosnetan hasi eta amaituko da ekimena.
Horrekin batera, beste poteo berezi bat ere antolatu dute; ziklo-poteo musikatua. Oinez ez, patin, bizikleta, monopatin gainean herri erdiguneko tabernetatik osteratxoa egiteko gonbita luzatzen dute gazteek. Askatasuna plazan hasi eta bukatuko den ibilbide hau ere, musikaz lagunduta osatuko dute.
JAN EDAN FALTARIK EZ
Poteoan zehar jan edan nahikoa izango da. Baina bost egunetako festa giroan zutik mantentzeko sabela bete beharko da. Horretan ere noski, pentsatu dute txosna gunean. Jaietako lehen gauean, herri afaria ospatuko dute. Ostiral honetan, 20:30etatik aurrera. Eta zikiro jana larunbat eguerdian. Adi beraz, hitzordu hauetarako txartelen salmentei. Aldez aurretik eskuratu beharko baitira.
Parranden ostean indarberritzeko, barruak gozatuko dituen menua ere lotu dute txosna guneko antolatzaileek; salda igande goizaldean, eta baratxuri zopa Santixabel eguneko lehen orduan.
ABESTU, DANTZATU ETA ANTZEZTEKO AUKERA
Jan, edan, jolastu, lehiatu… Baina baita, dantzatu, abestu edota antzeztu ere. Txosnen lekua, erabilera anitzeko gunea izango da jai hauetan. Musikari dagokionez, gau txorientzat, DJ-ak izango ditugu ostiralean; Dj Juantxi eta Dj Ibailo. Larunbat gauean kontzertuak. Urola Kosta parteko bi talde datoz; Pariak Bai zarauztarrak eta Zumaiako Iseka taldekoak. Tartean, platano bat eutsiz binaka dantza egiteko aukera izango da, platano dantzarekin.
Igandean, eskatu abesti bat, mikrofonoa hartu, oholtza gainera igo eta pareko abeslaririk ez duzula erakutsi, gauerditik aurrera ospatuko den karaokean. Ekitaldia goizaldera arte luzatuko den arren, tartean, beste ekimen berri bati burutuko da; triki air txapelketa. Zarauzko Gaztetxetik ekarri dute ideia hau. Lehiaketa honetan parte hartzeko ez da ezer behar. Parodia polit bat egiteko prest egotea eta bikotekidea, besterik ez. Oholtza gainera igo, eta antolatzaileek jarritako trikitixa pieza antzeztu beharko da, baina hori bai, musika instrumenturik gabe. Trikitixa eta panderorik gabe. Eskuak eta gorputza baino ezingo dira baliatu, trikitilari eta panderojole onena zarela erakusteko.
Musika kontuak baita Santixabel bezperan. Gauerditik aurrera, azken urteotan arrakasta izan duen bertsio gaua. Herriko musika taldeetako kideak elkarren artean nahastuta, talde ezagunen bertsioak joko dituzte. Betiko bertsio ezagunak, baina antolatzaileek aurreratu dutenez, baita bertsio modernoak ere.