Indarrean da gaurtik, sendagaien koordainketa sistema berria

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 1a, 00:00

Astelehen honetatik indarrean da jada, sendagaien koordainketa sistema berria. Oa eta Iturralde farmaziek prest dute beharrezko azpiegitura, gaurtik aurrera botiken ordainketa modua aldatzeko. Sistema berri honen eraginaz, funtzionamenduaz edota herritarren artean aldaketa honek zer harrera izan duen, horri buruz galdetu diegu bi guneetako langileei. Galdera erantzunak, aste honetako aldizkarian irakur ditzakezue. Web orrialde honetako Hemeroteka atalean dituzue eskuragarri.  

Espainiako Gobernuak onarturiko legea indarrean izango da beraz, gaurtik aurrera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako farmazietan. Aldaketa nagusia, nork bere errenta mailaren arabera gehiago edo gutxiago ordaindu beharko duela farmazian erosten dituen sendagaien truke. Sendagaien prezioaren %40,%50 edota %60ko ekarpena egin beharko dute langileek. Berrikuntza nagusietako bat, orain arte pentsionistek ez zutela botikengatik ezer ordaindu behar. Aurrerantzean ordea bai, prezio osoaren %10. 

Farmaziara, Osakidetzako txartelarekin beti
Sendagaiak erostera joaterakoan ez ahaztu, orain arte moduan; errezeta, eta Osakidetzako txartela eramatea. Bata zein bestea ezinbestekoak izango dira aurrerantzean, botikak eskuratzeko. Txartela bera izango da bereziki, ezinbestekoa. Iturralde eta Oa farmazietan, txartela irakurgailuetatik pasa beharko baita. Eta irakurgailu horrekin, farmazietako langileek jakingo dute zenbat ordaindu behar duen herritar bakoitzak, sendagaien truke. Ez hori bakarrik. Baita ze topetaraino ordaindu behar duen herritar bakoitzak. Errentaren arabera, langile, langabe edo pentsiodun izan, ekarpen ekonomiko desberdina egin beharko du herritarrak. Baina kasu guztietan, gehieneko kopuru bat, muga bat izango du. Muga hori baino gehiago ezingo da ordaindu. Hori jakiteko ere beharrezkoa da Osakidetzako txartela. Farmaziek prest duten sistema informatiko berriak emango du zehaztasunon inguruko informazioa.

Sistema berria indarrean jartzeak ez luke inolako arazorik sortu beharko. Hala balitz, hauxe litzateke egin beharrekoa:
-Osasun Txartelarekin arazorik izanez gero; haustura, bandarik gabeko txartela bada… Anbulatoriora joan behar da.
-Botikak erosterakoan bezeroak ekarpenarekin edozein ezadostasunen bat izanez gero, Gizarte Segurantzako bulegora joan.
-Berme errentaren sarrera edo langabe egoeraren gaineko ezadostasunen bat izanez gero, LANBIDEra joan.
-Gastuen itzulketa erreklamatu behar izanez gero (gehiegik obratutako ekarpena) Osasun Zentrora joan beharko da errezetaren kopiarekin eta erosketa tikearekin.
-Argibide edo informazio gehiagorako, 012 telefono zenbakira deitu daiteke.