Guraso eta umeek dantzan ekin diote gaur goizean, jaietako laugarren saioari. Umeen Eguna ospatuko da gaur, eta duela urte gutxi, bereziki etxeko txikienei zuzenduriko ekitaldi sortarako sortu zuten kantarekin hain zuzen. Goizetik arratsaldera, hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute haur eta gaztetxoek. Eguneko lehen bideoa NOAUA! Telebista atalean duzue.
Adinaren araberako proposamen desberdinak prestatu ditu, gaurko eguna antolatzen aritu den guraso taldeak. Proba dibertigarri hainbatekin, pilotalekutik abiatuko den ginkana goizean DBH-n ikasten dabiltzanentzat. Artean, haurrentzat hainbat joko frontoiaren bueltan edota Mikel Laboa plazan. Buruhandiak eguerdian eta gero, indarrak berreskuratzeko nahi duenak kalean bazkaltzeko aukera. Umeen jolasak berriz bazkalostean.
Txosnen txanda gero
Korri, Xalto ta Brinko hirukotea bisitan izango dugu, 16:30etan. Txokolate jana gero, eta buruhandiak berriz kalera. Gaztelekukoek bitartean, frontoian jarriko duten musikarekin, urte honetako Umeen Eguneko ekitaldien amaiera. Halere, astelehen honetarako iragarriak dauden ekitaldiak ez dira hor amaituko.
Itayak, Ernaik, Usurbilgo Gaztetxeak eta Akerra Gaztetxeak elkarlanean antolatu duten txosna guneko egitarauaren baitan gaur; ziklo-poteo elektrotxarangatua 17:00etan. Herritarrak anima daitezela, bizikletan edota patinak jantzita, Askatasuna plazara. Bertatik abiatzekoa da, musikak girotuta, hainbat taberna zeharkatu asmo dituen poteoa. Gose denak, txosna gunean bertan, paella prestatu eta afaltzen gera liteke. Paella egiteko sua eta zartagina antolakuntzak jarriko du. Osagaiak berriz, sukaldarien kontu.
Afalostean, bertsoak, erromeria eta musika kontuak. Honatx gaurko iragarri dagoen egitaraua:
Uztailak 1, astelehena
09:00 Esnadeia trikitilariekin.
Egunean zehar, Txu-txu trena eta jolas desberdinak.
10:00 Umeen egunaren hasiera, jaietako kanta eta dantzarekin.
10:30-13:00 Lehen Hezkuntzakoentzat Ginkana eta haurrentzako jolasak frontoian.
13:00 Buruhandiak trikitilariekin.
13:30 Bazkaria (norberak berea ekarrita, edaria eta postrea banatuko da).
15:00-16:30 Umeentzat jolasak.
16:30 KORRI XALTO ta BRINKO pailazoak.
17:00 Ziklo-poteo elektrotxarangatua.
17:30 Txokolatada.
18:00 Buruhandiak Zumartxan txarangarekin.
18:00 Musika frontoian Gaztelekukoen eskutik.
19:00 Paellada+afaria.
22:30 Bertso-saioa frontoian. Bertsolariak: Amaia Agirre, Onintza Enbeita, Jon Maia, Andoni Egaña, Iker Zubeldia eta Ibai Esoain.
Jarraian, XXXVII. Santixabel Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa.
24:00 Bertsio gaua txosnetan.
01:00 Erromeria frontoian, TXIMELETA taldearekin.