Zubietako eta Aginagako txokoak martxan dira jada

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 1a, 00:00

Bukatu da ikasturtea, akabo eguneroko etxeko lan, azterketa eta klaseak. Oporretan murgilduak dira ikasleak. Haietako asko gainera, herrian antolatu diren aisialdiko ekimen desberdinetan izena emanda daude. Egitasmo hauek martxan jarriko dira egunotan. Aginagako eta Zubietako udako txokoak lehenik. Festak amaitu ostean, Udajolas eta Ziortzako kanpaldia. Ekimen batzuetan zein besteetan, uda lagun artean eta primeran pasatzeko aukera izango dute berriz, Usurbilgo haur eta begiraleek.

Antxomolantxa Elkartekoak prestaturikoak burutu ziren iragan astean. Eta gaurtik uztailaren 30era, San Praixku Guraso Elkartekoek antolatutako txokoetan parte hartu ahal izango dute hainbat haurrek. Ikasturte berria hasteko bezperatan, irailaren 2tik 6ra ere txokoak antolatu ditu berriz Antxomolantxa Elkarteak Aginagan.

Maiatzean zehar izena eman zutenek bestalde, Zubietako Txokoetan parte hartu ahal izango dute uztailean eta abuztuan zehar. Uda honetan 3-11 urte artekoen bilgunean bihurtuko da beste behin, bertako Eskola Txikia. Goizez eta lau orduz, 9:30-13:30 artean, hainbat ekintzetan primeran pasako dute. Uztailetik abuztu amaierara luzatuko dira Zubietako udako txokoak.

Udajolas eta Ziortzako kanpaldia, hurrengo hitzorduak
Adi bestalde, Udajolasen izena emana dutenei. Santixabelak amaitu ostean, etzi, hasiko baitira Udalak eta NOAUA!k antolaturiko ekintzak. Uztailaren 3an, 9:30etan ekingo zaio Udajolasi. Biharamunean, ostegunez abiatuko dira bestalde Peñaloscintosera (Errioxa), Ziortzako kanpamendurako izena emana duten lehen gaztetxo eta begiraleak.