Ramon Uribe eta Patxi Segurola herritarren egoera nabarmendu zen larunbatean, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde Askatasuna plazan Herrirak deitu zuen jaietako “Herritarron Epaia” elkartasun ekitaldian. Ekainaren 8an Ines del Rioren jaioterrian Tafallan abiatu eta Euskal Herria zeharkatzen ari den ekimen ibiltaria dugu, “Herritarron Epaia”. 197/2006 doktrina salatu asmo du eta bide batez, “Euskal Herrian bakeari aukera bat eman behar zaiola” eskatuko da 80 udalerrietan, irailaren 14ra bitarte.
Aipatu moduan, jaietako ekitaldia aurten, ekimen honetara egokitu du Herrirak. Aipatu 197/2006 doktrina aplikatu diotenen artean baita usurbildar bat; Ramon Uribe. Espetxe zigor osoa beteta, iragan abenduan kalean behar zuen. Baina egun, Salamancako espetxean jarraitzen du. Bere egoera modu oso hunkigarrian islatu zen larunbateko ekitaldian. Askatasuna plazako oholtza gainera igo ziren herriko presoen senideen artean, Isa Navarrok, Ramonen amak, hitza hartu zuenean. Bertaratu ziren guztiak hunkitu zituen.
Eskerrak helarazteko tartea hartu zuen, senide bezala sufritzen ari diren egoera plazaratu eta preso eta senideek herritarrak gertu sentitzeak duen garrantzia azpimarratu zuen. Txosna guneko oholtza ondoan gainera, Uriberi elkartasuna adierazteko koaderno handi bat jarri zuten. Nahi zuenak Ramonentzat zerbait idatzi edo jarri zezan. Ekarpena egin nahi izan zuenetako bat, Usurbilgo Udala izan zen. Iazko urte amaieran, udalbatzak 197/2006 doktrinaren aurka onartu zuen mozioa koaderno horretan txertatu baitzuten. Testuak jasotzen duenaren berri eman zuen ekitaldian bertan, Mertxe Aizpurua alkateak.
Estradizio eskaera
Patxi Segurolak egun bizi duen egoera nabarmendu zuten baita jaietako ekitaldi honetan. Frantziako Estatu Kontseiluak bere estradizio eskaeraren gauzatzea aztertu zuen San Joan egunez. Auzitegiek harturiko erabakia egun edo asteotan plazaratu dezakete. Herrirak larunbatean antolaturiko hitzorduan, aginagarra estatu espainiarrera estraditatu dezaketela eta, herritarrei adi egoteko deia egin zieten. Mobilizazioak deitzeko prest baitira.
Gogoan izan, 2010eko azaroan espetxetik irten zenetik, Autunen konfinatu zuten Segurola, bere sorterritik 850 kilometrotara. Ia hiru urte beranduago, bertatik atera ezinik, eta egunero bitan jendarmeriara joatera behartua egoten jarraitzen du.