Gaur jakingo da, bertsopaper txapelketako irabazlea nor den

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 1a, 00:00

Badakigu usurbildarra izango dela, gai librean 6-10 bertso artean idatziak dituela, eta inoiz argitaratu gabeko lan hau, joan den ostegunerako udaletxean entregatu beharra izan zuela. Ez dakiguna, egilearen izen abizenak dira. Datuok, gaur gauean emango ditu ezagutzera epaimahaiak, 22:30etatik aurrera frontoian ospatuko den bertso saioaren ostean. Azken urteotakoa, Jon Aizpurua ote berriz? Edo beste lehiakideren bat? 

Sei bertsolari ezagunek eskainiko duten saioaren ostean jakingo dugu. Amaia Agirre, Onintza Enbeita, Jon Maia, Andoni Egaña, Iker Zubeldia eta Ibai Esoain. Seikote paregabe hau dator, Santixabeletako aurtengo bertso saioa girotzera. 

Tximeleta frontoian, bertsio gaua txosnetan
Bertso saioaren ostean, bi ekimen desberdinetara gerturatzeko gonbita. Tximeleta taldekoen eskutik erromeri gaua izango da pilotalekuan. Eta txosnetan, herriko musika taldeetako kideak elkarren artean nahastuta, bertsio ezagun eta modernoak eskainiko dituzte.