Las Dos D Habanako bikotearekin, jaien agurra

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 2a, 00:00

Proposamen berri bat, Santixabeletako ekitaldien zerrenda luzerako. Habanatik Las Dos D bikotea dator gaur gauean, azken trakaren ostean txosnetara, aurtengo festak agurtzera. Danieuris eta Daniellis Moya Ávila ahizpekin amaituko ditugu aurtengo herriko festak.  “Kubako “canción”-aren tradizio guztia biltzen du, bere melodien edertasunarekin eta bere erritmoen oparotasunarekin. Aldi berean, abesti ezagunenen interpretazio berritzaileak eskainiz eta baita abesti berriak sortuz ere”, berri eman dute antolatzaileek.

Poeta ezagunen lanak ezagutzeko aukera eskainiko dute, “azken aldian konposizio berri eta argitaragabeak sortu dituzte, Kubako poeta ezagunen lanean oinarrituz. Musikapen lan honen bidez, Kubako poeta onenen lana nabarmentzen da, eta aldi berean, demostratu egiten da Kubako musikak erritmo eta melodia kutsakorrez gain, testu landuagoak ere erabili ditzakeela. Habanera, danzóna, boleroa, sona, cha-cha-cha, feelinga, canción generoa edota fusioa erabiltzen dute, besteak beste Dulce Maria Loynaz, Fina Garcia Marruz, Roberto Fernández Retamar, Antón Arrufat, Miguel Barnet, Nancy Morejón, Carilda Oliver Labra, edota Cintio Vitieren testuak abesteko”.

Pirritx eta Porrotxekin elkarlanean
Ibilbide luzea jorratu dute bi ahizpek.  “Konposizioan, pianoan eta ahots-armonian jasotako formazio klasiko batekin, hainbat urtez ibili dira irlan zehar emanaldiak eskaintzen, euren estiloa moldatuz eta boleroaren eta Kubako trova zahar zein berriaren errepertorio tradizionala interpretatuz”, diote antolatzaileek.

Euskal Herrian ezagunak dira bi ahizpok. “2010. urtean, duoak Pirritx eta Porrotx eta Marimototsekin “Ongi etorri Pupu eta Lore” diskoko 5 konposizio musikaletan hartu zuen parte. Bere errepertorioan euskal poeten abestiak ere nabarmentzen dira: Leire Bilbao, Jon Gerediaga, Edorta Jiménez…”, berri eman dute antolatzaileek. Euren saioa, gaur gauean, uztailaren 2an txosnetan, azken trakaren ostean.