Haurren Eguna deitu ohi zaio jaietan, bereziki etxeko txikienei zuzenduta Jai Batzordeak antolatu dituen ekitaldi sortari. Baina halakoetan ezin ahaztu, Umeen Egunean helduek duten parte hartzea. Bi zentzutan gainera; antolatzaile moduan, guraso talde bat aritzen baita urtero eguneko gorabehera guztiak kudeatzen, ekitaldiak prestatzen... Eta noski, haurrekin batera festa giroko hitzorduetan murgiltzen direlako, askotan seme-alaben pare edo hobeto paseaz.
Atzo ere nabari zen. Goizean Haurren Eguneko koreografia dantzatu eta abestuz hasi zuten jaialdia frontoian. Eta hortik aurrera, ginkana, joko eta puzgarri desberdinetan parte hartzeko aukera izan zuten guztiek. Arratsaldean, Korri, Xalto ta Brinko pailazoak bisitan izan genituen eta gero, Askatasuna plaza bete zuten txokolate janera hurbildutakoek. Eguerdian bezala, lasterka eginez borobildu zuten eguna, buruhandien inguruan.