Salda eta loreekin batera, Usurbilgo ongarria banatu dute eguerdian

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 2a, 00:00

Ilara luzea egon da, herritarrak hamaiketako gosez ziren bai Dema plazan. Ohi bezala, loreak eta salda banatu dituzte Hurbilago Elkarteko dendariek. Baina aurten ez ziren bakarrik, jan edana eta lore polit askoak etxera eramateko aukera izateaz gain, auzokonpostatze egitasmoan parte hartzen ari diren usurbildarrek landuriko ongarria banatu dute baita, Usurbil Zero Zabor taldekoek. Ongarria jasotzen ahala, herritarrei nork bere etxeko organikoa konpostean bihurtzeko lanketan parte hartzeko gonbita luzatu diete, oraindik pauso hau eman ez duten herritarrei. 

Kalitate gorenekoa
Udalerriko auzokonpostatze guneetan herritarrek landuriko organikoa, ongarri bihurtuta eskuragarri izan da Dema plazan. “Guk egindako lanaren emaitza da”, aipatu dute UZZ-tik. Ezin hobea gainera. Eginiko analisien arabera, Santixabeletan banatu den konposta, kalitate gorenekoa dela ziurtatzen dute. Hondakinak arazo hitzari lotzeari utzi eta baliabide gisa duten balioa ikusteko aukera egon da jaietan. Bide batez, ongarria banatu bakarrik ez, antolatzaileek auzokonpostatze egitasmoan parte hartzeko gonbita luzatu diete, aipatu moduan, oraindik urrats eman ez duten herritarrei.

2011n auzokonpostatzeko lehen esperientzia gunea Errekatxiki kalean martxan jarri zutenean, sei sendi baino ez ziren. Eta gune bakarra. Egun, toki desberdinetan finkatuak dauden auzokonpostatzeko hamaika gune ditugu Usurbilen. Eta guztira, 650 sendi inguru ari dira, etxean sortzen duten organikoa ongarri bihurtzeko ahaleginean. Beste berrogei bat zain dira. Europan Flandrian organikoaren %40 inguru konpostatzera heltzen dira. Usurbilen jada, %30erako bidean gaude UZZ-koetik adierazi dutenez. Organikoa ongarri bihurtzea bultzatzeko apustu hau, aipatu bilgunekoen esanetan, “atez ateko bilketak ekarri duen balio erantsia da”.

Gaineratzen dutenez ordea, egitasmo honek gehiagorako eman dezake Usurbilen. “Usurbilek potentzialtasun handia du. Egungo zenbakiak bikoiztu litezke. Baldintza geografiko oso onak ditu Usurbilek, auzokonpostari ezin hobeto erantzuteko”, adierazi dute UZZ-koek.

UZZ-tik berri eman dutenez, Gipuzkoan 1.500 dira ahalegin berean ari direnak eta esperoan gehiago. Urte amaierarako, kopuru honek bi milako muga gaindi dezake. Ez ahaztu, egitasmo honetan parte hartzen duten herritarrek, hondakinei loturiko zergan hobariak izango dituzte.

Konpostatze lanetan murgildu nahi dutenek, aurre prestakuntza ikastaro bat egin behar dute. Gogoan izan, ekainaz geroztik, eta momentuz urte amaierara arte, hilero lehen asteazkenetan ikastaroak antolatu dituela Udalak, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Potxoenean.

Auzokonpostatze egitasmoan izen emateko eta zehaztasun gehiago, informazio bulegoan:
-Telefono zenbakia: 900 776 776.
-Eposta: atezate@usurbil.net
-Jendaurreko ordutegia: astelehenetik ostiralera, 9:00-14:30.
-Helbidea: Puntapax kalea 10, behea.