Iaz bezala Usurbilgo jai egun nagusiarekin, Santixabel egunarekin amaituko dira gaur, aurtengo festak. Goizean, herria lozorrotik esnatzen aritu dira txistulariak.
Santixabel eguneko meza nagusiaren ostean, tradizio luzea duten bi ekitaldi ospatu dira; Usurbilgo Dantza Taldekoen eta zinegotzi talde baten eskutik egin den soka-dantza lehenik, udaletxe aurreko plazan. Gero, lore eta salda banaketa egin da Dema plazan. Aurten, berrikuntza nagusi batekin. Lorea, salda... eta ongarria ere banatu dute.
Musa, pilota, erromeria... arratsaldean
Hainbat etxeetan, famili arteko bazkariak ospatu ostean, mus txapelketa ospatuko da txosnetan. Eta 17:00etatik aurrera, XXXXI. Pilota txapelketako finalak frontoian:
-JUBENILAK: Zubiria-Eskudero (Amezketa) - Ormazabal-Iruretagoiena (Tolosa)
-NAGUSIAK: Muguruza-Bolinaga (Bergara) - Santxo-Urruzola (Usurbil)
Buruhandien azken agerraldia gero. Eta txosnetan, patata tortilla lehiaketa. Mikel Laboa plazan, erromeria herriko trikitilarien eskutik. Eta gauean bai, jaien amaiera, azken traka bereziarekin. Egitarauak jasotzen ez duen arren, Habanako Las Dos D taldekoek emanaldia eskainiko dute txosnetan. Eta haiekin bai, aurtengo Santixabelen agurra.
Hauxe, jaietako azken eguneko ekitaldien ordutegiak:
Uztailak 2, asteartea
06:30 Baratxuri zopa.
09:00 Esnadeia txistulariekin.
11:00 Meza Nagusia.
12:00 Soka-dantza udaletxe aurrean.
12:30 Lore eta salda banaketa Dema plazan.
15:30 XVII. Mus txapelketa txosnetan.
17:00 XXXXI. Pilota Txapelketako finalak (gizonezkoak):
18:00 Buruhandiak eta erraldoiak Zumartxan txarangarekin.
18:30 Patata tortilla lehiaketa.
19:30 Herriko trikitilarien erromeria Mikel Laboa plazan (eguraldi txarra balitz Askatasuna plazan egingo da).
23:00 Jaien bukaerako ekitaldia eta azken traka.
Ondoren, Habanako Las Dos D taldekoen emanaldia txosnetan.