Euskal presoen eskubideen aldeko konpromiso sorta hartu du EH Bilduk

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 3a, 00:00

Buruntzaldeko udaletako EH Bilduko udal ordezkariek, alkate eta zinegotziek, euskal presoen eskubideen aldeko hamar konpromiso hartzeko erabakia plazaratu dute gaur goizean, Lasarte-Oriako Villa Mirentxu udal eraikin kanpoaldean. Ildo beretik, iragan urtarrilaren 12an Bilbon burutu zen manifestazioaren lelo eta aldarriarekin bat egiten dutela adierazi dute, "Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira" dioen aldarriarekin hain zuzen. Ezinbestekotzat jotzen dute dispertsioarekin eta honek dakartzan eskubide urraketekin berehala amaitzea. Hauek guztiak bidezko eta lehentasunezko aldarritzat jotzen ditu EH Bilduk eta "koalizioaren hautetsiok helburu hauekin bat egiten dugun heinean, aldarrikapen hauek gure eskualdeko udal guztietan bultzatuko ditugu".??

Urte hasieran Bilbon eginiko manifestazio jendetsuak "interpelazio erraldoia" suposatu duela diote. Batetik espainiar eta frantziar gobernuak interpelatu zirela, "gatazkaren konponbiderako aukeraren aurrean duten blokeo jarrerarengatik eta jarrera horixe, hein handi batean, euskal presoen eskubideen urraketan oinarritzen dutelako". Eta bestetik, baita eragile politiko, sindikal eta sozialak ere. "Euskal jendarteak konpromisoak eskatzen dizkigu guztioi; dispertsioarekin amaitzeko, giza eskubide guztien aitortza eta errespeturako, gatazkaren konponbiderako eta bakearen eraikuntzarako", berri eman dute prentsa ohar bidez, EH Bildutik.?

Euren esanetan, gatazka politikoaren ondorioei aurre egiteko ordua heldua da. Eta konponbide horretan, beste zenbait arloetan urratsak eman diren artean, aurrerapausorik eman ez den arlo bakarra, presoen eskubideena dela gogorarazten dute. "Jarrera inmobilistenak hortxen ari gara ikusten", salatu dute EH Bildutik. 

Egoera honen guztiaren aurrean, euskal presoen eskubideen alde hamar konpromiso hartu dituzte Buruntzaldeko udaletako EH Bilduko alkate eta zinegotziek. Tartean, Usurbilgo Udalekoek. Hauexek:
-Herriko presoen egoeraren inguruko udal dosierra osatzea hilabeteko epean eta sei hilabetero berritzea.?-Hasierako dosierra Instituciones Penitenciariasera, Audientzia Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaileari, Justizia Ministerioetara eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Batzordeari igortzea bertan jasotzen diren eskubide-urraketak ekiditeko eskatuz.
-Herriko presoekin bisita erronda ofizialari ekitea.?
-Herriko presoei udal erabakiak eta udalak argitaratu edo ateratako materialaren ale bana bidaltzea.
-Hilabeteko azken ostiraletan Herrirak deitutako elkarretaratzeetan parte hartzea modu ofizialean.
-Udaleko ordezkari gisa parte hartzen duten ekitaldi guztietan presoen eskubideen defentsa adierazten duen txartela eramatea.
-Preso gaixoak dauden herrietan alkateen taldean parte aktiboa hartzea presoa etxeratu arte.
-Hiru hilabetean behin herriko presoen senideekin bilerak egitea, egoeraren berri zuzena izateko.
-Euskal Herritik kanpo dauden presoei bisitatzeko diru-laguntzak eman ahal izateko araudia onartzea.?
-Etxerat eta Herrira elkarteei udal lokalak uztea beraien bilerak edo lanak egin ahal izateko.

Irudia: EH Bildu.