Udaberritik hona asteburuetan jokatu den Usurbilgo Pilota Txapelketako finalak jokatu ziren atzo, Santixabel egunez. Usurbilgo ordezkaritza bakarra genuen, 41. edizioko azken neurketa hauetan; nagusien mailan, Santxo-Urruzola bikotea. Bergararrei ordea ezin izan zieten aurre egin. Tarte handiz nagusitu ziren bergararrak. "Partida oso sendoa jokatu zuten. Defentsan oso ongi eta Muguruzak tanto politak sartu zituen. Galtzaileek ez zuten bere eguna izan, eta nahiz eta borroka asko egin, momentu garrantzitsuetan ez zuten asmatu", adierazi dute antolatzaileek.
Jubenilen kasuan, amezketarrak nagusitu ziren finalera heldutako tolosarren aurrean. Tarte txikiz halere, hiru puntuko aldearekin. Lehia bizia izan zen partida honetan. "Galtzaileak 18-13 irabazten joan ziren, baina gero irabazleak nagusitu ziren partida gogor batean. Finaleko onena, Eskudero leitzarra izan zen", gaineratu dute.
Hauexek, Usurbilgo Pilota Txapelketako finaletako emaitzak:
JUBENILAK
Zubiria-Eskudero (Amezketa) 22-19 Ormazabal-Iruretagoiena (Tolosa)
NAGUSIAK
Muguruza-Bolinaga (Bergara) 22-8 Santxo-Urruzola (Usurbil)
Final saio hauetan gainera, errifen zozketa egin zen. Honatx sarituak:
-Bruño mariskada: 2944 zenbakiarekin, Mila Iribar saritua.
-Patri jatetxean bi lagunentzako otordua: 3460 zenbakiarekin, Arantxa Agirre saritua.
Usurbilgo Pilota Txapelketako antolatzaileek eskerrak helarazi nahi dizkiete, laguntzaile eta herritar guztiei.