Nahi baino mantsoago, baina aurrerantz pausoak ematen ari direla eta hala jarraitu nahi dutela berri eman du Udalak, Usurbilgo aire kalitatearen gaiari dagokionean. Bilera deitu zuen ingurumen alorreko zinegotzi Jose Maria Rivadeneyrak Santixabelak hasi bezperan, urteotan kezka iturri izan den Ucin enpresako ke eta usain txarrari loturiko azken nobedadeen berri eman, egoera egun zertan den azaldu eta aurrera begira egin asmo dagoena iragartzeko.
Beste behin, ikuskaritzekin izandako arazoak aipatu zituen Rivadeneyrak. Udalak enpresa behar bezala ikuskatu nahi eta ezin dabilela azaldu zuen. Hala gertatu omen zen, ekainaren 19rako jarria zegoen hitzorduan. Ingeniaritzan doktoretza duen udal aholkulari bat gerturatu zen Atxegalde auzo ondoan kokatua dagoen enpresara, baita ingurumen alorreko udal teknikaria ere. Filtroak, kea xurgatzeko sistema egoki zegoela frogatu zuten. Baina bertan zegoen txatarra ikuskatu ezinik geratu omen ziren.
Ikuskapeneko hitzordua, maiatzaren 28an bi aldeek eginiko bileraren ostean zetorren. Egun hartan ere, argi geratu omen zen, alde bakoitzaren jarrera. Bi aldeek, kezka sortu duen ingurumen gatazka hau konponbidean jartze aldera, elkarren arteko posturak gerturatzerik ez zuten izan. Ucinek ez du Udalaren lizentzia onartzen, eta ikuskapenak egiteko udalak duen eskumena ere ukatzen jarraitzen dute. Lizentzia horren aurrean gainera, gogoan izan, helegitea aurkeztua du aipatu lantegiak.
Ingurumen baimena ez aldatzeko eskaera
Ez aurrera ez atzera dago gaurkoz, enpresa eta Udalaren arteko hartu emana. Udala aldiz, beste bide bat jorratzekotan da. Gasteizera begira dago. Irailaren 11n Udala eta Eusko Jaurlaritza gatazka hau jorratzeko bilduko baitira. Bertan, Ucinek ingurumen baimen bateratua nola urratzen duen azaldu nahi du Udalak. Gai honen inguruan neurriak hartzeko mezua helarazi nahi dio Jaurlaritzari. Eta horrekin batera, Ucin edozein gai urtzea ahalbidetuko lukeen ingurumen baimen bateratua aldatzeko, lantegiak egin duen eskaera onartezintzat jotzea galdegingo dute beste behin. Iraileko hitzordu horren aurretik jada, Udalak idatzi baten bidez baimen aldaketa hori gauzatzen ez uzteko eskaera luzatua dio Gasteizi. Kea eta usain txarrari loturik, biltzen joan diren beste hainbat froga ere bidaliak ditu baita.
Azken aldian udalerriko puntu desberdinetan maiz arnastu behar izan duten usain txarraren edota kearen berri eman zen iragan asteko bileran. Eta ohartarazpenok agerian utzi zuten, iazko azaroan Ucinek eginiko filtro aldaketak ez duela arazoa konpondu. Udaberri honetan zehar ere maiz sumatu da ke edota usain txarra. Udaletxean ordea kexa guztiok islatu ez direnez, beste behin, enpresako teilatu erditik ateratzen den ke beltza edo usain txarra ikusi edo arnastu bezain laster, Udaltzaingora deitzeko gonbita luzatu dute. Hauxe, udaltzainen telefono zenbakia: 943 361 112. Lehenago beste ezer ez bada, gatazka honi loturiko hurrengo albistea beraz, irailaren 11n.