Pirinioetarako asteburu pasara joateko, izen ematea uztailaren 10era arte

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 4a, 00:00

Zuberoako Pirinioak ezagutzeko aukera eskaini nahi dute aurten, Andatza Mendizaleen Kirol Taldekoek. Asteburu pasa antolatu dute horregatik, uztailaren 13 eta 14rako. Bi ibilbide osatzeko gonbita luzatzen dute; batetik Logibar-Santa Grazi artekoa, 24 kilometrokoa, 7 ordutan egiteko modukoa. “Holtzarteko zubia, Txardekogaina (1881 m) eta Kakoetako arroilak ezagutuko ditugu. Ostatua Ligin izango dugu”, berri eman dute. Bigarrenik, Santa Grazi-Isaba artekoa. “23 kilometro, 7 orduko ibilbidea. Ehujarreko arroiletatik, Lakora (1887 m), Binbalet eta Lakartxela, eta Mintxateko arroiletara bideratuko gara”, iragarri dute Andatzakoek.

Bazkideek merkeago
Bi eguneko irteerarako izen ematea ireki dute jada. Apuntatzeko azken eguna, uztailaren 10a. Plaza mugatuak egongo dira, eta lehentasuna, Andatzako bazkideek izango dute. Bazkideak direnek hain zuzen, langabetu eta ikasleek bezala, izena ematerakoan gutxiago ordaindu beharko dute; 60 euro. Gainerakoek 65 euro. Prezio horren baitan sartzen dira, aterpeko pentsio erdia eta autobusa. Ordainketak, Andatzakoek Kutxabanken duten kontu korronte zenbaki honetan egin beharko dira. 2095 5069 07 1068489805.

Ohi bezala, joan etorria autobusez egingo da. Abiatzeko hitzordua, hilaren 13rako jarri dute, goizeko 6:00etan Oiardo Kiroldegian. Pirinioetako txangoari buruzko argibide gehiago jasotzeko, bilera deitu dute antolatzaileek, uztailaren 11rako, arratsaldeko 19:00etan Sutegin. Zehaztasun gehiago baita, andatza.com web orrialdean.