Gipuzkoako Pertsona Gorren II. Topaketa larunbatean

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 4a, 00:00

Egunerokoan gorrek bizi duten errealitatea ezagutzera eman eta sentsibilizazio lana bultzatzeko egun osoko jaialdia antolatu dute Usurbilen, larunbaterako. Bigarrenez Gipuzkoa mailan urritasun hau duten lagunei zuzenduriko topaketak antolatu dira, udalerri honetan oraingoan.

Gortasuna inoren begi bistakoa ez den urritasuna izanik, ikusi ezin den urritasun hau ikusgarri bihurtzea dute euren erronka nagusia. Komunitate honen inguruan dagoen ezagutza falta gainditzea. Sentsibilizazioa bultzatzea. Beste urritasun fisikoak dituztenen kasuan bezala, egun oraindik betetzen ez diren euren oinarrizko eskubideak errespetatuak izatea eskatzea.

Eguneroko bizitzan, hainbat traba gainditu behar izaten dituzte eta. Medikuarengana edo abokatuarengana doazenean adibidez. Zeinuen hizkuntzan mintzatzen direnez, profesionalen eta euren artean bitartekari lana egingo duten interpreteen beharra izaten dute. Orain ordea, krisialdia tarteko, eta aplikatzen ari diren murrizketen ondorioz, osasun edota lege kontuez komunikatu ahal izateko hain beharrezkoak dituzten interpreteen falta dute.

Baina bada gehiago ere. Halakoetan gertatu ohi den moduan, giza baliabideez gain, baliabide tekniko nahikorik ez baitago. Alderdi hau argitzen duten adibide asko jartzen dituzte gorren komunitateko kideek. Igogailuan harrapatuta geratu den pertsona gor bat nola komunikatuko da egoera horretatik irteteko? Edo errepidean, autoa matxuratu eta errepide bazterretan nola hitz egingo du telefonoz larrialdi zerbitzuekin? Hauek eta beste hainbat adibide jartzen dituzte, Donostiako Errege Katolikoen kalean, 14. zenbakian egoitza duen Gipuzkoako Pertsona Gorren Elkarteko kideek. Bilgune bizia dute, hainbat ekimen antolatzen dituztena. Elkarte gastronomikoa, ikuskizun eta ekitaldi desberdinak burutzeko eskenatokia… denetarik dute bertan. Eta ateak zabalik, bertara joan nahi duten guztientzat. Elkartera sartzeko ate ondoko erakusleihoan, uztailaren 6an Usurbilen ospatuko diren topaketak iragartzen ari dira jada.

Jaialdi honekin, errealitate guzti hau plazaratu, ikusgarri egin eta euren oinarrizko eskubideak betetzea eskatuko dute. Jai giroan, egun pasa berezi batekin, Gipuzkoako Pertsona Gorren Elkarteak eta Usurbilgo Udalak uztailaren 6rako antolatu duten jaialdi baten bidez. Gorren elkartekoei buruzko informazio gehiago, martxan duten blog honetan aurkituko duzue: http://apsggpge.blogspot.com.es/

Gerturatzeko gonbita
Uztailaren 6ko eguna jai giroan biziko dutela ziur. Gorren Elkartetik adierazi dutenez, primeran pasatzera datoz Usurbila. Komunitateko kideen arteko elkar ezagutza bultzatu nahi dute. Ekitaldi guztiak irekiak dira, hau da, herritar orok parte hartu dezake. Eta antolatzaileek ere horixe sustatu nahi dute, egun batez, gorren errealitatera gerturatzeko tartea hartzea. Goizean antolatu diren jokoen ostean, eguerdian ospatuko den herri bazkaria irekia eta doakoa izango da edonorentzat. Gorren komunitateko kideek ere horixe bultzatu nahi dute, herritar oro gerturatu eta euren errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera izatea. Hauxe da uztailaren 6rako Usurbilen antolatu duten topaketako egitaraua. Behin behinekoa, oraindik hitzorduren bat edo bestean aldaketak izan daitezke eta:

Uztailak 6, larunbata
10:00
Bertaratuentzako ongi etorria.
11:00-13:00 Jubilatuentzako eta gazteentzako jokoak eta herri kirolak: igel jokoa, toka, sokatira, zapi jokoa, boloak, zaku lasterketak, bela-bonba, Ikatz Marrazki Lehiaketa…
11:00 Gazteak Donostiatik Usurbilera bizikletaz.
13:00-14:00 Atsedena eta aisialdia.
14:00 Herri bazkaria: txita-paella. Bertaratzen diren guztientzat doan.
16:00 Manos K Rien kultur eta arte elkartearen ekitaldia.
19:00 Komunitate Gorraren txisteak, zeinuen hizkuntzan.
19:30 Goizeko jokoen eta lehiaketen sari banaketa.
20:00 Agurra.

Tokia: Askatasuna plaza.

Oharrak:
-Manos K Rien taldekoen saioa konfirmatu gabe dago.
-Taberna bat egongo da egun osoan.
-Egunean zehar, hitzaldia: “hondakinen murrizketa eta atez atekoa”.

Antolatzaileak: Gipuzkoako Pertsona Gorren Elkartea eta Usurbilgo Udala.