Aginagako Ariztitxo frontoi inguruko pasabideko sarrerak ixten ikusi ditugu gaur goizean, hainbat langile. Besteak beste, Arrate zahar egoitzarako edota Eliza zaharreko sarreretan, aipatu eremua datozen asteotan itxita egongo dela iragartzen zuen oharrak jarri ditu Usurbilgo Udalak. Lanak abiatzear zituzten, zenbait berrikuntza eta aldaketa gauzatzeko. Pilotaleku inguruko pasabidean aurrerantzean, oinezkoek izango dute lehentasuna. Piboteek zehaztuko duten bide zatia baino ez dute izango autoek, frontoi ingurura gerturatzeko, edota karga eta deskarga lanetarako.
Pasabidea bera txukuntzeko lanak egingo dituzte baita. Puskatuak dauden adokinak konponduko dituzte. Eta aldaketa gehiago. Frontoi atzealdean, eliza zaharrari begira dagoen eskenatoki txikia bota egingo dute eta gune horretan bertan kokatuko dute, egun Eskola Txiki atarian dagoen jolas parkea. Haurrek beraz, frontoi atzean izango dute kolunpiotan ibili edota txirristratik jaisteko aukera aurrerantzean. Udalak gainera, parke hau tramankulu berri batekin hornituko du. Eskalatu eta zintzilikatzeko aukera emango duen jolas berri bat txertatuko du, lekuz aldatuko duten parkean. Atzetik datorren proiektua da, egungo gobernu taldeak esku artean hartu eta gauzatzera doan Aginagako eraberritze egitasmo hau.
Udalak Altuna y Uria enpresari esleitu dizkion lanok, hiruzpalau aste irautea aurreikusten dute. Udako oporraldi ostean, ikasturte berria martxan jartzerako, Aginagako Herri Ikastetxea berriz ireki eta irakasle eta ikasleak itzultzerako beraz, berrikuntza lanok amaituta behar lukete.
Egitasmo honen berri emateko udal ordezkaritza bat aginagarrekin bildu zen iragan astean, ludotekan deitu zuten herri batzarrean.
ALDAKETAK
-Zorua konponduko dute.
-Frontoia inguratzen duen pasabidea: autoentzat piboteekin markatua egongo da. Gainerako eremua oinezkoentzat izango da.
-Frontoi atzeko eskenatokia bota egingo dute.
-Aginagako Herri Ikastetxeko jolas parkea, frontoi atzera lekuz aldatuko dute.
LANEN IRAUPENA
-Hiruzpalau aste.
Oharra: Udal ohartarazi duenez, lanek iraun artean, itxita egongo da frontoi inguruko eremua.