Olinpiadak, uztailaren 24tik 31ra ospatuko diren Santioetan

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 9a, 00:00

Santixabelak guztiz atzean utzita, festen errondan ate joka ditugun hurrengo jaiak, uztailaren 24an abiatuko diren Zubietako Santioak ditugu. Ohi bezala, zortzi egunez, hilaren 31ra arte luzatuko dira, 2013an izerdi patsetan datozkigun festa hauek. Izerdi patsetan, ez bakarrik uda betean gaudelako, aurten, olinpiadak ospatu asmo baitituzte zubietarrek. Jaien hasieran, uztailaren 24an aurkeztuko dituzte ekimen honen nondik norako guztiak. 

Pisu nabarmena izango baitu ekimen berri honek aurtengo egitarauan. Hilaren 24an aurkeztu, eta festetan zehar, luzatu asmo dituzte olinpiadok. Aipatu moduan, zehaztasun guztien berri, jaien hasieran, Santio bezpera egunez emango dituzte antolatzaileek. Olinpiadekin batera, antzerki saioak, bertso-pelota jaialdia edota musika emanaldiak, haurren eguna, jubilatuena, oilasko biltzaileena, Santio eta San Inazio Egunak, Gaupasa Eguna... 

Jai egitaraua ia bere osotasunean lotua du Zubietako Jai Batzordeak. Aurten ere, uztailaren 24tik 31ra jai gunea izango da bertako frontoi ingurua. Jaietako zehaztasun guztien berri, datorren uztailaren 19ko astekarian.