Santixabelen balorazio bilera, uztailaren 17an

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 9a, 00:00

Santixabelak amaitu berritan, jaiak prestatzen aritu diren eragile eta herritarrak azken bilera baterako deituak daude. Herriko festak baloratzeko Jai Batzordeak antolaturiko bilerara hain zuzen. Uztailaren 17rako finkatu dute hitzordua, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Jai Batzordetik ohartarazi dutenez, “egokia litzateke, egun horretarako, ahal balitz, diru-kontuak zuritzeko agiriak ekartzea”. Jaietan parte hartu duten herri eragileei bilerarako gonbita luzatzearekin batera, ebaluazio orri bat bidali zaie. Ebaluazio orri hau ostiral honetarako, uztailaren 12rako betetzea eskatzen zaie Santixabelen antolakuntzan parte hartu dutenei. “Garrantzitsua iruditzen zaigu jaien balorazioa egitea ondo egindakoak mantendu eta hobetu beharrekoak bideratzeko. Hori dela eta, eskertuko genizuke gutun honekin batera bidali dugun ebaluazio-orria betetzea”, eskatu diete Jai Batzordetik aipatu eragileei.