Urtea bete da, Estrasburgo 197/2006 doktrinaren aurka agertu zenetik

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 10a, 00:00

Europako Giza Eskubideen Epaitegia 197/2006 doktrinaren aurka agertu zenetik urtea bete da gaur. Estrasburgok 2012ko uztailaren 10ean neurri hau aplikatzea giza eskubideen aurkakoa zela adierazi zuen, Ines del Rio euskal preso politikoaren kasuan. Horren harira, gogoan izan, estatu espainiarrak helegitea aurkeztu zuen. Eta helegite hau joan den martxoaren 20an aztertu zuten aipatu epaitegietan. Epaia kaleratzeke dago oraindik. Baina itxura guztien arabera, 197/2006 doktrinaren aplikazioari buruzko epaia irmoa izango dela aurreikusten da.

Gogoan izan, preso dauden hainbat euskal herritarrei aplikatu zaiela Parot izenez ezagutu izan den doktrina. Tartean usurbildar bati; Ramon Uribe kalezartarrari. Espetxe zigor osoa beteta, kalean behar zuen joan den abenduaren 3an, baina egun Salamancako kartzelan jarraitzen du Uribek. 2024. urtera arte luzatu zioten espetxe zigorra kalezartarrari. Eta ez da bakarra. Ines del Rio presoaren auziaren harira, iaz Estrasburgok hartu zuen erabakia jakin zenean baino preso gehiago daude egun, 197/2006 doktrinaren eraginpean. 70, Etxeratek kaleratu berri duen hilabetekariaren arabera. 70 preso hauen izen abizenak, zenbat urte daramatzaten espetxeratuak, irteera data noizko zuten eta orain, aipatu neurria aplikatuta, kartzelan noiz arte egon beharko duten zerrendatu du Etxeratek. Bertan islatua ageri da, besteren artean, Ramon Uriberen egoera. 19 urte daramatza espetxean. Aipatu moduan iragan abenduaren 3an kalean behar zuen. Baina espetxealdia beste 11 urtez, 2024ra arte luzatu diote.

Europako abokatuen mozioa
Urtemuga honen bezperan, Europako Abokatu Elkarteak mozio bat argitara eman du. Bertan, giza eskubideen bortxaketa ezberdinak jasotzen dituzten azkeneko nazioarteko txostenak biltzen dira.  Mozioaren bidez, atxiloketa aldian, atxilotuaren eskubideak betetzea eskatzen dute; inkomunikazioa bertan behera uztea, konfidantzazko mediku eta abokatuarekin modu pribatuak biltzeko aukera izatea, tortura kasuak behar bezala ikertzea. Euskal presoen dispertsioarekin amaitzea ere eskatzen dute, eta euren etxeetatik gertu egoteko duten eskubidea errespetatua izan dadila. Eta gaur betetzen den urtemugaren harira, gaixotasun larriak dituztenekin batera, 197/2006 doktrinarengatik kartzelan dauden preso guztiak berehala aske uztea galdegiten dute. Eta lan politikoa egiten dutenen aurkako epaiketak bertan behera gelditzea.