Uda aurreko azken NOAUA!, uztailaren 19an

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 10a, 00:00

Egunotan etxean jaso edota web orrialde honetan irakurgai izango duzuena, azken aurreko NOAUA! izango da. Azkena, 540. zenbakia, uztailaren 19an kaleratuko dugu. Bertan, besteak beste, udan zehar ospatuko diren jaien berri emango dugu; hau da, Zubietako Santio, Urdaiagako Xanixteban eta Atxegaldeko festetako egitarauen berri. Udako oporraldi aurreko azken aldizkari honetan argitaratzeko ohar edo zorion agurrik baldin baduzue, gogoan izan; astelehenera arteko, uztailaren 15era arteko epea duzue erredakzioa@noaua.com helbidera bidali, edo NOAUA!ko egoitzara ekartzeko. 

Egoitza aipatuta esan, uztaila amaierara arte zabalik jarraituko duela. Abuztuan aldiz itxita egongo da. Sei astez ez da aldizkaririk izango. Udako opor osteko lehen astekaria, irailaren 6an argitaratuko dugu.

Bazkidetza kobraketak, astelehenetik aurrera
Aurreko urteen modura, igoerarik ez da aplikatu aurten ere. 36 euro kobratuko zaizue bazkidetza, NOAUA!ko kide zaretenoi. Kobraketa uztailaren 15ean, datorren astelehenean hasiko dugu beraz. Kutxa bidez kobraketa egiteko baimena eman badiguzu, bide hori erabiliko dugu aurten ere. Aldiz, ordainketa eskuz egiten duzuenok bi bide dituzue; NOAUA!ko egoitzara etorri eta dirua eskura ematea edo, 36 euroak NOAUA!k Kutxabank-en duen kontu korrontez zenbaki honetan sartzea: 2095 5069 04 1061881826. Edozein zalantza edo argibide gehiago behar duenak, eskura du 943 360 321 telefono zenbakia, edota zabalik baita kultur elkarteko egoitza. Bide batez animatu gainerakoei, bazkidetza egitera. Urteko 36 euro baino ez dira.