Agurtu berri dugun denboraldia amaitu eta datorrena abiatzeko tarte honetan, zenbait ikastaroetan murgilduta dabiltza Usurbil Kirol Elkarteko kideak. Batetik egunotan, entrenatzaileei begirako prestakuntza ikastaro batean parte hartzen ari da Martin Larrañaga. Hasiera batean ikastaro hau Donostian egin behar zen, baina eskubaloi taldeen bilgunetik adierazi dutenez, "Donosti Cup-a egoteak lehengo astean Usurbila ekartzea ahalbidetu digu". Bada gehiago ere. Beste entrenatzaile bat, kasu honetan Aitor Arruti Beldarrain, Madrilgo Pinto hirian dabil egunotan. Entrenatzaile nazionala izateko prestakuntza ikastaroan parte hartzen dabil. Saioak bi ziklotan banatuak daude; lehena hilabete honetakoa da. Hau gaindituko balu, bigarrena datorren urtean egingo luke Arrutik. Usurbil Kirol Elkartetik berri eman dutenez, ikastaro guztiok balio federatiboa dute, ez akademikoa.
11 lagun, monitore izateko prestatzen
Bestalde, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak eskubaloian monitore gisa jarduteko ikastaroa antolatu du. Usurbil Kirol Elkarteko 11 lagun daude izena emanda bertan; 3 neska eta 8 mutil. "Kirol Elkarte honetan gure entrenatzaileen formakuntza oso garrantzitsua dela irizten diogunez, usurbildar guztien inskripzioa geure gain hartu dugu", berri eman dute Usurbil Kirol Elkartetik.
Bertatik gaineratu dutenez, "Eskubaloiko Kirol Formakuntza federatiboa honela dago antolatua (eskalaz igotzeko aurreko titulua behar da, eta eskalan aurrera joan ahala, exigentzia maila esponentzialki igotzen doa):