Frantziako Estatu Kontseiluak Patxi Segurola herritarraren aurkako estradizio eskaeraren gauzatzea aztertu zuen joan den ekainaren 24an. Erabakia noiznahi jakinarazi zezaketela berri eman zen orduan. Gaur, aginagarra edozein uneetan espainiar estatura estraditatua izateko arriskuan dela ohartarazi du Usurbilgo EH Bilduk. Hurrengo ordu edo egunetan gerta liteke.
Egoera honen aurrean, herritarrei kalera ateratzeko deia egiten die koalizioak. Segurola gaur bertan atxilotu eta Madrilera eramango balute, berehalako deialdia egingo dute ostegun arratsalde honetarako. Azken orduko aldaketarik ez bada bestela, biharko bai, ostiral honetarako batzar informatiboa deitu dute, 20:00etan.
Bi urte eta erdiko prozedura
EH Bildutik berri eman dutenez, estradizio eskaeraren aurrean Segurolak aurkezturiko azken helegitea ere ez dute onartu; "Estatu frantseseko auzitegi eta administrazioaren aurrean egiterik zituen errekurtso guztiak amaitu ditu. Azkena, duela egun batzuk aztertu zen Estatu Kontseiluan. Egitura horrek ere ez du onartu estraditatua ez izateko Patxik egindako eskaera. Atzo bertan izan zuen horren berri bere abokatuak".
Gogoan izan, 11 urte eta erdi espetxean igaro ostean, 2010. urte amaieran kalera ateratzear zela, Espainiako Auzitegi Nazionalak aginagarraren aurkako estradizio-eskaera aurkeztu zuen. Ordutik, bi urte eta erdi iraun du estradizio prozedurak. Denbora tarte honetan, Autunen konfinatua egon da Segurola, bere sorterritik 850 kilometrotara. Egunero bi alditan jendarmerira joan behar izan du, eta Autunetik ateratzeko debekua izan du.