Gipuzkoa mailan azken urteetan gauzatuko den padura berreskuratze lanik garrantzitsuena egitera doaz, eta ostegun honetan, uztailaren 11n aurkeztuko dute, arratsaldeko 18:00etan hasita Potxoenean; Saria mendebaldeko ibarraren ingurumena lehengoratzeko, Foru Aldundiak eta Usurbilgo Udalak elkarlanean gauzatu asmo duten egitasmoa hain zuzen.
Zer hobetua badago eta inguruotan, sustatzaileen ustez. "Azken hamarkadetan uraren kalitatea hobetu baldin bada ere, ibai ertza eta inguruko ibar eta padurak erabat ubideratuta daude". Horri lotuta gainera, proiektuak helburu argi bat du. Eragileek hitz gutxitan azaltzen dutenez, "azken mendean ibaiari kendutako eremua berriz ere itzultzea da asmoa, guztion mesederako". Lehengoratze prozesuaren lehen fasean, lau hektarea inguru berreskuratuko direla berri eman dute Udaletik, "ibaiaren eta itsas mareen eragina berreskuratuz, egun garatzen ari den lezkadia indartuz, eta bitarte horretan sortuko den habitat aberastasuna bultzatuz".
Saria mendebaldeko inguru hau, Europa mailan Kontserbazio Bereziko Eremua izendatua dago, "Oriako itsasadarra Usurbil, Aia eta Oriok partekatzen dugun altxor ekologiko bat da. Berriki, duen balioa aitortu eta Natura 2000 sarearen barruan, Europa mailan Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu da. Horretaz gain, Usurbilgo Udaleko araudiak ere babes berezia aitortzen dio eremu honi, eta Euskal Autonomi Erkidego mailan ere babes bereziko eremua da. Argi dago beraz, Olaberrietako padurekin batera, Saria mendebaldeko ibarra dela Oria ibaiak Usurbilen utzi digun babestutako natur gune baliotsuena".
Txingudi eta Urdaibairekin batera, erreferentziazko gune berria
Urdaibai edota Txingudiren ostean, Saria mendebaldearen txanda da orain. Aipatu beste bi eremuen antzera, inguruotako erreferentziazko paduran bilakatzeko gaitasuna du Sariak, proiektu honen sustatzaileen esanetan. "Gure itsasadarretan ohikoak ziren padurak ia desagertu dira, eta horrekin batera habitat hauen balioa (hegazti, arrain, angula, landaredi, ornogabeen ezinbesteko elikadura eta babesguneak dira). Urdaibai edo Txingudik leheneratu dituzte beraien itsasadarrak, ingurumenaren, tokiko ekonomiaren eta bertako bizilagunen bizi kalitatearen mesedetan. Oriako itsasadarra berriz, Agina eta Orio artean ez da urbanizatu eta Euskadi mailan erreferentziazko padura bilakatzeko gaitasuna du, baina horretarako berreskuratze lanak egin behar dira", adierazi dute Udaletik.
Gauzatu asmo duten proiektu berri honen inguruko zehaztasunak, gaur emango dituzte ezagutzera. Udalak herritarrei osteguneko aurkezpen ekitaldira joateko gonbita luzatzen die. Aipatu moduan, aurkezpen ekitaldia, arratsaldeko 18:00etan hasiko da Potxoenean.