2014rako amaituta, Saria lehengoratzeko lehen faseko lanak

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 11a, 00:00

Gaur arratsaldeko 18:00etan Potxoenean aurkeztuko duten Saria ingurua lehengoratzeko egitasmoa jendaurrean aurkezteko, prentsaurrekoa eskaini dute Foru eta udal ordezkariek, Donostian, Aldundiko egoitzan. Egitasmoaren zenbait zehaztasun aurreratu dituzte. Proiektua bi fasetan banatuko dute. Lehen fasean, "estuarioaren eragina berreskuratzea du helburu. Hain zuzen ere, eremua marearteko eraginaren pean uzteko, ura sar dadin errazteko eta, horri esker, zenbait habitat-en azalera zabaltzeko: belardi gazi atlantikoa, ur-bazterreko haltzadi eurosiberiarra eta lezkadia, alegia. Lezkadia bereziki interesgarria da, habitat hau dutelako gogokoen Kantauri itsasoko estuarioetan habia egiten duten uretako hegazti gehienek, eta horrek espezie hauek erakar litzake Sariara. Lanetan, beraz, eremua ibaitik bereizten duten eustormak kendu, drainatze kanalak egokitu, makaldiak kendu eta zenbait eremutako kotak beheratu beharko dira. Horrez gain, landare inbaditzaileak ere kenduko dira".

Lehen fase honetako lanek 240.921 euroko aurrekontua dute eta 2014. urte hasierarako bukatua egotea espero da. "Aurreragorako, bigarren faserako, ur gezako urmael bat sortzeko aukera aztertzen ari da, habitat aberastasuna areagotzeko", eman du jakitera Aldundiak, prentsa ohar bidez.

Duela lau urtetik datorren proiektua da hau. Udalaren enkarguz, Aranzadi zientzia elkarteak Saria lehengoratzeko azterlana burutu zuen, Natura 2000 Sareak babestutako udal lur hauetan. Azterlan hartan oinarrituta egin da gaur goizean Aldundian, eta arratsaldeko 18:00etatik aurrera Potxoenean aurkeztuko den proiektua.