Eragileen Santixabeletako ebaluazioa, gaurko

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 12a, 00:00

Santixabeletako antolakuntza lanetan parte hartu zuten herritar eta eragileek, ostiral hau dute, jasoa duten ebaluazio orria bete eta Udalera helarazteko azken eguna. “Garrantzitsua iruditzen zaigu jaien balorazioa egitea ondo egindakoak mantendu eta hobetu beharrekoak bideratzeko. Hori dela eta, eskertuko genizuke gutun honekin batera bidali dugun ebaluazio-orria betetzea”, eskatu diete Jai Batzordetik aipatu eragileei.

Gogoan izan bestalde, Jai Batzordea aurtengoz datorren astean bilduko dela azken aldiz. Asteazkenean izango da, uztailaren 17an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Potxoenean. Jai Batzordetik ohartarazi dutenez, “egokia litzateke, egun horretarako, ahal balitz, diru-kontuak zuritzeko agiriak ekartzea”.

Orain, Santio edota Xanixtebanen txanda
Santixabelen ostean, orain Zubietako Santioek hartuko dute jaien lekukoa. Uztailaren 24an izango da, eta hilaren 31ra arte luzatuko dira festak. Biharamunean, abuztuaren 1ean abiatuko dira Xanixtebanak Urdaiagan, abuztuaren 4ra arte. Eta azkenik, hilaren 30ean, 31n eta irailaren 1ean ospatuko dira Atxegaldeko festak. Gune guztiotako jai egitarauen berri, udako oporraldi aurreko azken astekarian jasoko dugu. Uztailaren 19koan.