Goizean hedabideetan zabaldu dena baieztatu dute gaur arratsaldean, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) erakundeko ordezkariek, erraustegia egiten ari diren gunean bertan. Aipatu planta eraikitzeko lanak behin betiko eten dituztela berri eman dute, bertaratu diren hainbat komunikabideren aurrean. Erabakia gaur eguerdian hartu du GHK-k, Administrazio Kontseiluak burutu duen bilkuran.
Arrazoi juridiko-teknikoak bultzatuta hartu dute erabaki garrantzitsu hau. Errauste planta proiektuak hainbat eremutan legea ez duela betetzen ohartarazi dute. "Irregulartasunak eta lege urraketak izan ditu", berri eman dute. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzak baimendutakoa eta eraiki nahi den erraustegia ez dela proiektu bera, ez datozela bat nabarmendu dute, baten eta bestearen artean dauden desberdintasun eta aldaketa nabariak tarteko. Eta erraustegia eraikiko balitz, ezinbestean legedia urratu beharko litzatekeela ziurtatu dute.
"Funtsezko aldaketak behartu dira dokumentu batetik bestera"
Eusko Jaurlaritzak errauste planta eraiki ahal izateko emandako Ingurumen Baimen Bateratuaren (IBB) bidez, hainbat baldintza jarri zituen. Obraren Lizitazio Dokumentuak baldintzok ez dituela betetzen azaldu dute. "Obraren Lizitazioaren Dokumentuak errauskailuari eskatzen dizkion baldintzak, eta Eusko Jaurlaritzak agindutakoak ez datoz bat. Funtsezko aldaketak behartu dira dokumentu batetik bestera. Ingurumen baldintzak aldatu egin dira", diote GHK-tik.
Ingurugiro arau eta agindu zenbait ez ditu betetzen errauste planta proiektuak, eta zeintzuk diren azaldu dute Zubietan. Batetik, "IBBren aginduaren aurka" zaborra erraustu ostean, geratzen diren hondakin solido kutsakorrak tratatzeko azpiegitura proiektutik kanpo utzia dagoela diote. Errauts toxikoaren tratamendurako azpiegiturarekin ere berdin, zati honen tratamendua ez dela kontuan hartzen. Eta azkenik, errauste plantaren kota, IBBk baimendu baino hiru metro gorago jartzen dela. Ez hori bakarrik, aldaketa honek dakartzan eragin berrien gaineko azterketarik ez dela egin salatu dute. Ez, "inpaktu bisualari dagokiona", ezta "goragoko kota horretan aireratuko den kutsadura ze mailatakoa eta zabalkunde izango duen" ikertuko lukeena.