"Eskerrik asko guztioi zuen elkartasunagatik!". Hitz hauekin eskertu ditu Patxi Segurolak Autunetik (Frantzia), estradizio arriskuaren aurrean, azken orduotan sare sozialen bidez jaso dituen elkartasun mezuak. Helbide hauxe du Patxik: https://www.facebook.com/patxi.segurola
Momentuz Autunen jarraitzen du aginagarrak. Atzo goizeko sinadura kontrola normaltasunez egin zuela eta bertako gendarmeek ez dutela inolako agindurik jaso berri eman du Usurbilgo Sortuk.
Gogoan izan, Frantziako Estatu Kontseiluak Patxi Segurola herritarraren aurkako estradizio eskaeraren gauzatzea aztertu zuen joan den ekainaren 24an. Erabakia noiznahi jakinarazi dezakete, eta honenbestez, aginagarra edozein uneetan espainiar estatura estraditatua izateko arriskuan dela ohartarazi du Usurbilgo EH Bilduk. Hurrengo ordu edo egunetan gerta liteke.
Egoera honen aurrean, herritarrei kalera ateratzeko deia egiten die koalizioak. Ostiral honetarako batzar informatiboa deitu dute, 20:00etan.
Bi urte eta erdiko prozedura
EH Bildutik berri eman dutenez, estradizio eskaeraren aurrean Segurolak aurkezturiko azken helegitea ere ez dute onartu; "Estatu frantseseko auzitegi eta administrazioaren aurrean egiterik zituen errekurtso guztiak amaitu ditu. Azkena, duela egun batzuk aztertu zen Estatu Kontseiluan. Egitura horrek ere ez du onartu estraditatua ez izateko Patxik egindako eskaera. Atzo bertan izan zuen horren berri bere abokatuak".
Gogoan izan, 11 urte eta erdi espetxean igaro ostean, 2010. urte amaieran kalera ateratzear zela, Espainiako Auzitegi Nazionalak aginagarraren aurkako estradizio-eskaera aurkeztu zuen. Ordutik, bi urte eta erdi iraun du estradizio prozedurak. Denbora tarte honetan, Autunen konfinatua egon da Segurola, bere sorterritik 850 kilometrotara. Egunero bi alditan jendarmerira joan behar izan du, eta Autunetik ateratzeko debekua izan du.