Gaur 20:00etan batzar informatiboa, Patxi Segurolaren estradizio arriskua dela eta

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 15a, 00:00

Patxi Segurolaren estradizioa gauzatzear dela eta, iragan ostiralean bezala, gaurko ere batzar informatiboa deitu du EH Bilduk azken albisteen berri emateko, arratsaldeko 20:00etarako Mikel Laboa plazan. 

Herritarrei edozein uneetan deitu daitezkeen mobilizazioetarako adi eta parte hartzeko prest egoteko deia egin zen bestalde, Patxi Segurolaren estradizio arriskua dela eta, joan den ostiral arratsaldean Mikel Laboa plazan burutu zen batzar informatiboan. Aginagarren aurkako estradizio eskaera gauzatzear baita, ekainaren 24an epailearen aurrera agertu eta Segurolak berak aipatu eskaeraren aurka aurkezturiko helegitea aintzakotzat hartu ez ostean. Estradizioa egunotan, edozein unetan gauzatu liteke.

Hortik aurrera ordea, ez dago argi zer gertatuko den. Egoera honen aurrean, Segurola lasai dagoela berri eman zen batzarrean, eta hitzorduko deitzaileen bidez, Patxik eskerrak helarazi nahi izan dizkie azken egunotan jaso dituen elkartasun mezuengatik. Gogorarazi zutenez, 1994az geroztik jaioterritik kanpo egon ostean, 1999tik hamaika urte eta erdiz espetxeratua egon zen Segurola. Gero, aske uztear zirela espainiar estatuak estraditatzeko eskaera aurkeztu zuen. Bi urtez luzatu da eskaera hauei loturiko epaitegietako prozedura. Tarte horretan, Autunen (Frantzia) konfinatua egon da, bere sorterritik 850 kilometrotara. Aginagarraren aurkako estradizio eskaerok, Euskal Herriko gatazka konpontzea oztopatu nahi dutela salatu zen batzarrean.