Iragan ostiralean burutu zuen bilkuran, abuztuaren 30etik irailaren 1era ospatuko diren Atxegaldeko festen egitaraua ia guztiz definitua, osatua utzi zuten Jai Batzordeak. Ohi bezala, hortxe, bat baino gehiago oporren bueltan, ikasturte berria hastekotan dela harrapatuko dituzte, abuztuko azken astebururako iragarrita dauden jai hauek. Nagusiki, aurreko urteetako egitura bere horretan mantendu dute antolatzaileek, ekitaldi eskaintzari dagokionean. Jaiak ostiral arratsaldez hasiko dituzte, gau horretan, larunbatean bezala, musika kontuak nagusi. Goizaldeko ordu txikiak arterainoko bidea egiten lagunduko dute, Odolaren Mintzoa, Ze Esatek!, Laiotz, Ingo al deu edota Dj batek.
Hori guztia bi gauetan. Egunez, abuztuaren 31, Haurren Eguna ospatuz hasiko dute Atxegalden. Mus txapelketa edota herri afaria ere izango dugu. Eta igandean txapelken txanda; toka eta tortilla lehiak. Tartean ordea badira berrikuntzak ere. Larunbat gaueko herri afaria, Josune Aranbururen ordez, oraingoan The Hastelens herriko taldeak girotuko du. Afalaurretik, ipuin kontaketa saioa antolatu dute. Eta iganderako, gerri buelta mugitzeko proposamen ezin erakargarriagoa iragarri dute Jai Batzordetik; erritmo latinoekin dantza egiteko aukera izango baita, gaueko azken trakara bitarte. Jaietako azken burrunba koloretsua, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik. Eurekin, 48 orduko festa giroaren amaiera.