Jai Batzordea aurtengoz asteazken honetan, uztailaren 17an bilduko da azken aldiz, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Potxoenean. Jai Batzordetik ohartarazi dutenez, “egokia litzateke, egun horretarako, ahal balitz, diru-kontuak zuritzeko agiriak ekartzea”.
Santixabeletako antolakuntza lanetan parte hartu zuten herritar eta eragileek, iragan ostiralera arteko tartea zuten bestalde, aldez aurretik jasotako ebaluazio orria bete eta Udalera helarazteko. “Garrantzitsua iruditzen zaigu jaien balorazioa egitea ondo egindakoak mantendu eta hobetu beharrekoak bideratzeko. Hori dela eta, eskertuko genizuke gutun honekin batera bidali dugun ebaluazio-orria betetzea”, eskatua zieten Jai Batzordetik aipatu eragileei.
Orain, Santio edota Xanixtebanen txanda
Santixabelen ostean, orain Zubietako Santioek hartuko dute jaien lekukoa. Uztailaren 24an izango da, eta hilaren 31ra arte luzatuko dira festak. Biharamunean, abuztuaren 1ean abiatuko dira Xanixtebanak Urdaiagan, abuztuaren 4ra arte. Eta azkenik, hilaren 30ean, 31n eta irailaren 1ean ospatuko dira Atxegaldeko festak. Gune guztiotako jai egitarauen berri, udako oporraldi aurreko azken astekarian jasoko dugu. Uztailaren 19koan.