Taldekako modalitatean finalerako sailkatua da, banakako txapelketan berriz, kide guztiak finalaurrekoetan. Emaitza ezin hobeak lortzen ari dira, Australia aldean munduko kayak surf txapelketan lehiatzen dabiltzan euskal selekzioko kirolariak. Tartean bi herritar; Xabier Olano usurbildarra eta Garazi Iturralde zubietarra.
Lehiaketako azken txanpari begira dira jada. “Egun gogorrak izango dira, manga asko izango ditugu, minutu asko tentsiopean, baina gogor egingo diogu, etxera emaitza onak eramateko”, adierazi dio NOAUA!ri Garazi Iturraldek Australiatik. Mundu mailako txapelketa gogotsu hasi zutela zioen. “Banakako eta taldekako txapelketekin hasi ginen, egunero bakoitzak ordubeteko saiotxoa eginez. Taldekako txapelketak uztailaren 13 eta 14an egin genituen. Egia esan oso ondo joan zitzaigun”, gaineratu du zubietarrak. Taldea, esan bezala, finalean da, “Ingalaterra eta Australia atzetik dituelarik”. Eta banakako modalitatean, Euskal Herritik joandako partaide guztiak finalerdietarako sailkatu dira. Gertu izan dezakete honenbestez, 2011n AEB-tan izandako lorpena, berriz ere munduko txapeldun izatea eskuragarriago dute beraz.
Bidaia luzea
Australia hemendik ze distantziatara dagoen jakinik, argi denez, txapelketa gunera heltzeko oraingoan ere, bidaia luzea egin behar izan du kayak surfean aritzen den euskal taldeak. Hori bai, bidean ingurune berriak ezagutzeko tartea izan dute. “Uztailaren 2an hartu genuen hegazkina Euskal Selekzioko partaideek Madrilen. Bi eguneko bidaia eduki ondoren, azkenean Australian gaude. Sydneytik txapelketa lekura arte bidaia luzea egin ondoren, 10 ordu autoz, azkenean etxean. Bidean denetik ikusi genuen, kanguruak, baleak, izurdeak…”, adierazi du Iturraldek. Hauxe, Australiatk orain arte jasotakoa. Ia datorren albistea, garaipenarena den.
Irudia: kayak surfeko euskal selekzioa.