Patxi Segurolaren estradizioa eta "eszenatoki demokratikoa eraikitzeko bidean oztopo izan daitezkeen jokabideak alboratzea" eskatzen du EH Bilduk kaleratu berri duen oharrak. Aginagarra jasaten ari den errepresioa salatzen du koalizioak eta gaineratzen dutenez, "Usurbilgo eta Euskal Herriko jendarte osoaren aurrean aukera historiko hau galarazten ez uzteko eta konponbidea bultzatzeko konpromisoa baieztatu nahi dugu".
Honatx, EH Bilduk kaleratu berri duen oharra, bere osotasunean:
Patxi Segurola datozen egunotan estraditatua izateko arrisku bizian dago estatu frantseseko kartzeletan 11 urte eta erdi pasa eta gero, Espainar estatuak eskatutako estradizioaren zain bi urte eta erdi luze konfinatua egon ondoren.Asteazkenean, uztailak 10, azkenik bere gaineko estradizio eskaera onartu zen Patxi Segurolak helegitea jartzeko zuen azken aukera ere ukatuz eta horrela, estradizioaren gauzapenari ateak irekiz. Honen aurrean, gure herrikidea den Patxik jasaten ari den errepresioa salatu nahi dugu.
Azken bi urteetan aldaketa sakonak izan dira Euskal Herrian. Konponbidearen aldeko adostasun zabalak eratu dira eta euskal gizarteak bere atxikimendua agertu dio konponbide prozesuari. Alta, espainiar eta frantziar estatuek aurreko egoerari zegozkion erantzunak ematen dizkiote egoera politiko berriari. Ez dago beraien jardunean aurrerapauso bat bera ere ez.
Bake justu eta iraunkorra eraikitzeak borondate irmoa eta konpromiso eraginkorrak eskatzen ditu. Estatuek euskal jendearen bake itxaropena zapuztu nahi dute. Horregatik, eszenatoki demokratikoa eraikitzeko bidean oztopo izan daitezkeen jokabideak alboratzea eskatzen dugu, Patxiren estradizioa kasu. Era berean, Usurbilgo eta Euskal Herriko jendarte osoaren aurrean aukera historiko hau galarazten ez uzteko eta konponbidea bultzatzeko konpromisoa baieztatu nahi dugu.