Herritarren agerraldia ostegunean, Patxi Segurolaren estradizioa salatzeko

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 16a, 00:00

Edozein unetan gauzatu litekeen estradizioaren aurka eta Patxi Segurolari elkartasuna adierazteko mobilizazioak deitu dira egunotarako Usurbilen. Lehena gaur arratsaldeko 18:00etarako Aitzaga aurrean. Auzolanerako deia egin zaie herritarrei, kalean Patxi Segurolak bizi duen egoera plazaratzeko. Bigarren hitzordu bat ere bada, etzirako, ostegun arratsaldeko 20:00etarako. Herritarren agerraldia antolatu da. Usurbildarrek hartuko dute hitza bi egun barru burutuko den hitzordu honetan. 

Bi deialdiok EH Bilduk azken egunotan bigarrenez, atzo arratsaldean Mikel Laboa plazan deituriko batzar informatiboan iragarri zituzten. Atzokoan bertaratu ziren herritarrekin, ondoan duzuen taldeko argazkia atera zen. Herritarrei Patxi Segurolari elkartasuna adierazi eta mobilizazio hauetan parte hartzeko gonbita luzatu zaie.

Senideekin dago
Bai ostiraleko eta atzoko elkarretaratzeotan, Segurolak bizi duen egoeraren berri jasotzeko aukera egon da. Momentuz, ez dago nobedade handirik. Aginagarraren aurkako estradizio eskaera edozein uneta gauzatu liteke. Oraingoz ordea, azken bi urte eta erdi honetan bezala, Segurolak Autunen jarraitzen du konfinatuta. Asteburuan hainbat herritarren bisita jaso du eta atzoko batzar informatiboan berri eman zenez, senideak ere ondoan ditu atzotik. Bisita hauen eta sare sozialen bidez jasotako mezuengatik, batzar informatibo hauetako deitzaileen bitartez, Segurolak eskerrak helarazi nahi izan dizkie herritarrei. 

Indartsu omen dago, lasai, ahalik eta normaltasun handienez bizitzen, baina bere sorterrian egon nahi lukeela adierazi du. Egunean bitan jendarmeengana sinatzera joan behar izaten du. Eta antza, oraingoz jendarmeek ez dute jaso Segurola estraditatzeko agindurik. Bere aurkako estradizioa egunotan, edozein unetan gauzatu liteke. Hortik aurrera ordea, ez dago argi zer gertatuko den. Aginagarraren aurkako estradizio eskaerok, Euskal Herriko gatazka konpontzea blokeatzeko estatu espainiar eta frantziarrak erakusten duten jarreraren beste adierazgarrietako bat direla salatu da azken egunotako batzarretan.

Aipatu moduan, Segurolari elkartasuna adierazi eta bere aurkako estradizio eskaerak salatzeko, hauek dira momentuz deituak dauden mobilizazioak:

Uztailak 16, asteartea
18:00 Patxi Segurolaren egoera plazaratzeko, auzolanerako deialdia. Hitzordua, Aizaga aurrean.

Uztailak 18, osteguna
20:00 Herritarren agerraldia.

Oharra: Patxi Segurolaren egoeran aldaketarik balego, deitu diren mobilizazioetan aldaketak izan litezke.