Abuztuko gau giro ederrean Urdaiagako plazan, karpa azpiko mahaien bueltan eserita, lagun edo senideen artean afari legea egiten. Plan ederra ezta? Horretarako ere aukera ematen dute urtero Xanixtebanek. Baita abuztuaren 1etik 4ra ospatuko diren aurtengo Urdaiagako festek ere. Jai Batzordeak lotua du egitaraua. Lotuak baita, abuztuaren 3an, San Esteban egunaren amaierarako iragarri duten herri afaria eta horren osteko bertso saioa. Otorduari dagokionez, norberak eraman beharko du jatekoa. Postrea, kafea eta kopa Jai Batzordekoek zerbitzatuko dute.
Eta afalostean, mahaitik mugitu ere egin gabe, zuzenean eta bertatik bertara, bertso saio ederra entzun eta ikusteko parada egongo da. Oraingoan, Uxue Alberdi, Amets Arzallus eta Beñat Gaztelumendirekin. Hirukotea zirikatzen arituko den gai jartzailea, etxekoa, usurbildarra izango dugu; Leire Iturrioz. Bertso saioa amaituta, mahaitik altxa, afariko azpiegitura desmuntatu eta gerri buelta mugitzeko aukera izango da Urdaiagako plazan. Laiotzekoak etorriko dira eta, bertan daudenak dantza batean jartzera.
Xanixtebanetako egunez eguneko ekitaldien berri, web orrialde honetako agenda atalean duzue.