Betagarri Zubietako Santioetan, gaupasa egiten laguntzeko

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 16a, 00:00

Euren web orrian iragarri dute, kalean hainbat kartel itsatsi dituzte baita kontzertua iragarriz. Aurtengo Zubietako Santioetan, Betagarri taldekoek joko dute. Uztailaren 30eko Gaupasa egunean izango da. Lehenago, gaur zortzi murgilduko da Zubieta Santioetan, uztailaren 31ra arte. 

Berriki saritua izan da talde arabarraren azken lana, "Zorion Argiak". Madrilen, Musika Independientearen Sarietan, 2012ko Euskaraz Ekoizpen Onenaren saria jaso zuten Betagarrikoek joan den ekainean. Lan honetako eta euren ibilbideko beste hainbat abesti joko dituzte uztailaren 30ean, Zubietako frontoian.

Lauroba, Itzartu, Laiotz, Fun&Go eta Berri Tzarrak
Haiekin batera izango dira, Berri Tzarrak lehenik, eta goizaldera arte musika giroa ziurtatuko duten Fun & Go taldekoak. Ezagunak azken hauek, urteotan maiatzean Usurbilen ospatu ohi den Sagardo Egunez, frontoian erromeria giroa jarri ohi dutenak baitira.

Uztailaren 30eko gauean bakarrik ez, musika emanaldiek girotuko dituzte Santioetako gau gehiago ere. Uztailaren 27koa, larunbatekoa esate baterako. Gau horretarako Lauroba eta inguruotako jaietan ezinbestekoak ditugun Laiotz taldekoak espero dituzte Zubietan. Edota Itzartu taldekoekin erromeria, jaiak hasiko diren lehen gauean.

Osagai gehiago ere baditu datozen Santioetako egitarauak. Besteak beste, aurten jaietan zehar ospatuko diren Olinpiadak. Zubietako festetako ekitaldien berri, egunez egun, web orrialde honetako agenda atalean duzue ikusgai.