Ziortzakoek Peñaloscintosen (Errioxa) antolatu duten urteroko kanpaldia erdibidera ailegatu dela esan liteke. Bi txandatan banatzen baitute Cameros mendizerra aldean denbora bat igarotzeko aukera ematen dien egonaldia. Eta lehen txandak berea egin du. Bihar, uztailak 17, bueltan datoz joan den uztailaren 4an Errioxara joan zen gazte taldea, DBH-koak hain zuzen. Haiek Usurbila bueltan, eta hemendik Peñaloscintos alderako bidea hartuko dute, LH 5 eta 6. mailetako ikasleek. Zortzi egunez, uztailaren 25era arte egongo dira Errioxan.
Lehen txandakoak Usurbila bueltatzeko egun gutxi falta zirela kanpaldi gunean bertan atera eta NOAUA!ra bidali diguten argazkia duzue ondokoa.
Euskal Herritik Cameros aldera joandako beste talde bat estu, ekaitzagatik
Gaur goizean zenbait hedabideek atzo arratsaldean Cameros aldean Euskal Herriko 19 haur eta 2 begirale erreskatatu behar izan zituztela berri eman dute, ze udalerritakoak ziren zehaztu gabe. Antza, talde hau Cameros mendizerrako Ortigosa eta Villoslada lotzen dituen pista batean zegoen, bat batean ekaitzak harrapatu zituenean. SOS Riojari laguntza eskatu zioten eta erreskate taldeek onik atera zituzten guztiak. Ortigosa ondoan daude kanpaldian usurbildarrak, baina ez dira eurak pistan galdu zirenak. Inguru haietan, Montemediano udalerrian uda igarotzen ari den Euskal Herriko beste talde bat baizik.
Irudia: Ziortza.