"Lorpena, herritar eta eragileena da"

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 16a, 00:00

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak (GHK) iragan ostiralean erraustegiko lanak etetea erabaki zuela berri eman zuen, egitasmoa gauzatu asmo zegoen gunean bertan, Zubietan. Erabaki honen harira, lehen balorazioa plazaratu du Gipuzkoa Zero Zabor mugimenduaj. Bilgunekoen esanetan, errauste plantako lanak etetearen “lorpena herritar eta eragileena da” Gaineratzen dutenez, "momenturik gogorrenetan ere etsi ez eta aurrera egin duten milaka herritarrena”.

Hala diote GHK-ko administrazio kontseiluan ordezkaritza duten Gipuzkoa Zero Zabor mugimenduko ordezkariek. Une garrantzitsu honetan, iraganera begiratu eta Gipuzkoan hamarkada batez bizi izan den egoera ekarri dute gogora. “10 urte luze dira gipuzkoarrok errausketaren mehatxupean bizitzera behartu gaituztenak. Urte guzti hauetan errauste-planta eraiki nahi izan duten herri guztietan garbi adierazi da inork ez duela nahi osasuna eta ingurumena kaltetzen dituen planta toxikorik”, adierazi dute GZZ-tik. 

LANAK, BEHIN BETIKO ETENDA
Goizean hedabideetan zabaldu zena baieztatu zuten iragan ostiral arratsaldean, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) erakundeko ordezkariek, erraustegia egiten ari diren gunean bertan. Aipatu planta eraikitzeko lanak behin betiko eten dituztela berri eman zuten, bertaratu ziren hainbat komunikabideetako kazetarien aurrean. Erabakia uztailaren 12an eguerdian hartu zuen GHK-k, Administrazio Kontseiluak buruturiko bilkuran. 

Arrazoi juridiko eta teknikoak bultzatuta hartu dute erabaki garrantzitsu hau. Errauste planta proiektuak hainbat eremutan legea ez duela betetzen ohartarazi zuten. "Irregulartasunak eta lege urraketak izan ditu", berri eman zuten. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzak baimendutakoa eta eraiki nahi den erraustegia ez dela proiektu bera, ez datozela bat nabarmendu zuten, baten eta bestearen artean dauden desberdintasun eta aldaketa nabariak agerian utziz. Testuinguru honetan erraustegia eraikiko balitz, ezinbestean legedia urratu beharko litzatekeela ziurtatu zuten. 

"Funtsezko aldaketak behartu dira dokumentu batetik bestera"
Errauste planta eraiki ahal izateko emandako Ingurumen Baimen Bateratuaren (IBB) bidez, bere garaian hainbat baldintza jarri zituen Eusko Jaurlaritzak. Obraren Lizitazio Dokumentuak baldintzok ez dituela betetzen azaldu zuten. "Obraren Lizitazioaren Dokumentuak errauskailuari eskatzen dizkion baldintzak, eta Eusko Jaurlaritzak agindutakoak ez datoz bat. Funtsezko aldaketak behartu dira dokumentu batetik bestera. Ingurumen baldintzak aldatu egin dira", diote GHK-tik.

Ingurugiro arau eta agindu zenbait ez ditu betetzen errauste planta proiektuak, eta zeintzuk diren azaldu zuten Zubietan. Batetik, "IBBren aginduaren aurka" zaborra erraustu ostean, geratzen diren hondakin solido kutsakorrak tratatzeko azpiegitura proiektutik kanpo utzia dagoela diote. Errauts toxikoaren tratamendurako azpiegiturarekin ere berdin, zati honen tratamendua ez dela kontuan hartzen. Eta azkenik, errauste plantaren kota, IBBk baimendutakoa baino hiru metro gorago jartzen dela. Ez hori bakarrik, aldaketa honek dakartzan eragin berrien gaineko azterketarik ez dela egin salatzen dute. Ez, "inpaktu bisualari dagokiona", ezta "goragoko kota horretan aireratuko den kutsadura ze mailatakoa eta zabalkunde izango duen" ikertuko lukeena. Horregatik guztiagatik ondorioztatzen dutenez, “Zubietako errauste plantaren lizitazio modua eta ingurumen baldintzei soilik erreparatuta, lanak ez dira legezko, eta horrenbestez GHK-k bertan behera utzi du lanen exekuzioa”.