Euskarako udal diru-laguntzen eskabideak aurkezteko, azken eguna gaur

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 17a, 00:00

Ikasturtean zehar euskara ikasten aritu diren usurbildarrek, gaurkoa dute udal diru-laguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko azken eguna. Gogoan izan, deialdi honetan berrikuntzak txertatu ditu Udalak aurtengoan, ikasleen lan egoera eta ikasketa mailak hartuko baitira kontuan. Hauexek deialdi honetara aurkeztu asmo dutenek aintzakotzat hartu behar dituzten xehetasunak:

-Epea: uztailak 3-17 (bi egunok barne).
-Nori zuzendua: 2012-2013 ikasturtean euskara ikasi dutenentzat.
-Baldintzak: ikastaroaren hasieran Usurbilen erroldatua egotea, ikasturtean zehar gutxienez %80ko asistentzia izatea, autoikaskuntzaren kasuan gutxieneko aprobetxamendua ziurtatzea euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez.
-Aurkeztu beharreko dokumentazioa: diru-laguntza eskari normalizatua, eskatzailearen NANaren fotokopia, matrikularen ordainagiria, %80ko asistentzia egiaztatzen duen euskaltegiko egiaztagiria. Autoikaskuntzakoen kasuan, aprobetxamendua egiaztatzen duen zentroko agiria. Ikaslea langabetua denean, “lan historiala” ziurtagiria.
-Onuradunak (gehienez 500 euroko laguntzarekin):

IKASLE ARRUNTAK
Gehienez matrikula kostuaren %80ko diru-laguntza jasoko du euskaltegiko 109. urratsa edo HABEren 2. maila arteko ikasketak gainditu dituen ikasleak.
Gehienez %60koa hortik gorako ikasketak egin dituztenek.

IKASLE LANGABETUAK
Gehienez matrikula kostuaren %100eko diru-laguntza jasoko du euskaltegiko 109. urratsa edo HABEren 2. maila arteko ikasketak gainditu dituen ikasleak
Gehienez %80koa hortik gorako ikasketak egin dituztenek.

-Informazio gehiago: https://ssl4.gipuzkoa.net/euskera/gao/2013/06/14/e1305665.htm