Datozen Atxegaldeko festei begira, bertako Jai Batzordeak iragarri duen berrikuntzetako bat dugu. Josune Aranburuk oraingoan atseden hartuko du, eta haren ordez, talde berri batek girotuko du karpa azpian giro ederrean burutu ohi den jaietako herri afaria; auzotarrak kide dituen The Hastelens taldekoek hain zuzen. Atxegaldeko festetako herri afaria, abuztuaren 31n ospatuko da, 21:00etatik aurrera. Ohi bezala, eta oraindik denbora luze dagoen arren, adi txartelen salmentari. Abuztuan zehar, baina jaiak hasi aurretik eskuratu beharko baitira.
Lagun arte giro ederrean ospatuko da herri afaria, baina ez da izango Atxegaldeko festetako sabela pozteko hitzordu bakarra. Egun berean, herri bazkaria ospatuko baita 14:00etatik aurrera. Hori bai, kasu honetan, norberak etxetik eraman beharko du jatekoa. Haurrei zuzenduriko ekitaldien ostean ospatuko da bazkari hau. Arratsaldean berriz, txokolate gozoa dastatzeko aukera egongo da. Eta jaietako azken egunean, patata tortilla txapelketan egindako jakiak probatzeko modua izango da. Hitzordu gastronomikoekin amaitu eta hasiko dira festak. Bazkari baten bueltan ekingo baitiote festa giroari Jai Batzordekoek abuztuaren 30ean. Eta txupinazo osterako, luntx mundiala iragarri dute.
Gogoan izan, Atxegaldeko festak abuztuaren 30etik irailaren 1era ospatuko dira. Egunez eguneko ekitaldien berri, web orrialde honetako agenda atalean jaso dezakezue.