Oraingoan bai, entrenatu beharko da astebete barru hasiko diren Zubietako Santioetara joateko. Ez da gutxiagorako. Bestelako lehia saioen parekorik ez dituen Olinpiadak antolatu dituzte ekitear diren jaietarako. Uztailaren 24tik 31ra ospatuko dira Santioak eta ia egunero iragarriak daude Olinpiada saioak. Ekimen berri honen inguruko zehaztasunak, festak hasi eta segituan, hilaren 24an emango ditu ezagutzera Jai Batzordeak, arratsaldeko 20:00etatik aurrera Kaxkapen. Aurreratu dezakeguna, Santioetan jokatuko diren olinpiaden ordutegiak dira, hauexek hain zuzen:
Uztailak 24, asteazkena: 20:00 (Aurkezpena Kaxkapen).
Uztailak 26, ostirala: 18:00.
Uztailak 27, larunbata: 11:00.
Uztailak 28, igandea: 17:00.
Uztailak 31, asteazkena: 22:00 (Olinpiaden amaiera).
Neurketa gehiago
Olinpiadekin batera, kirol ekitaldi gehiago antolatu ditu Zubietako Jai Batzordeak. Hitzordu nagusiak, Santio eta San Inazio Egunen bueltan bildu dituzte. Uztailaren 25erako, Julen Cañamares eta Aratz Mugerzaren aizkolaritza saioa eta Landarbideren harri-jasotzea iragarri dituzte, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Eta eguna amaitzeko, bertso-pelota jaialdia. Uztailaren 31n berriz, errebote partida jokatuko da 11:30etatik aurrera.