Asteburu pasatik itzuli dira, Andatza Mendizaleen Kirol Taldekoekin uztailaren 13tik 14ra Pirinioetara joandako herritarrak. Bueltan, honako kronika eta argazkia bidali dute NOAUA!ra, antolatzaileek:
"Pasa den asteburuan, uztailaren 13 eta 14an, 18 lagun joan ginen Andatza Mendi elkarteak antolaturiko aurtengo Pirinioetako irteerara.
Lehenengo egunean, Zuberoako Logibar auzora, Larraine/Larrau-era, hurbildu ginen. Trabesian zehar Negumendi gaina igo genuen lehenik, Otxogorria inguratu eta jarraian Sarimendi gainera (1484 m) iritsi ginen. Atseden aldiaren ostean Izeyto gailurra pasa ondoren, Kakuetako arroil ondotik jaitsi ginen, Santa Grazi-Urdatx-era iritsiz. Bertan bazkaldu eta bertako ermita ikusi ondoren, Kakuetako arroilak ikustera joan ginen. Leku polita, ikusgarria.
Hauek guztiak egitean, gaua pasako genuen Ligiko aterpe batetara joan ginen, bertan afalduaz.
Bigarren egunean, aterpean ondo gosaldu ondoren, berriro bezperako irteerara, Logibarrera, bideratu ginen. Bide ezberdin bat hartu genuen aldi honetan, eta Holtzarteko arroil gainean dagoen zubirantz abiatu ginen. Zubi hau berezia da, pasarela bat, ur gainetik 200 metroko altueran kablez lotua dagoena.
Ibilaldiarekin jarraituz, alde batera Otsogorrigaina eta bestera Sardekagaina/Barazea mendiak utziz, Txotaco lepotik pasa ginen. Ondoren Bimbaleteko lepotik, mendiaren malda zeharkatu ondoren Ourdayte lepora jaitsi ginen. Hemen ia taldearen erdiak jarraitu zuen Lakora (1877m) gailurrera, eta besteak berriz bere malda zeharkatuz orain gutxi arte Belagoako aterpea zen etxera, tamalez gaur egun erortzen ari den etxea.
Bazter ederrak ikusi genituen, bai baso, bai zelai, garoa ugari, artalde ederrak, hegazti ederrak (putreak...), ur jausi zoragarriak. Joateak merezi zuen.
Holtzarteko zubia eta Kakuetako arroilak izen handia ematen diete bazter hauei, baina beste guztia ere ikusteko modukoa dela baieztatu dezakegu egun hauetan bertan ibili garenok".