Gutun Soziala osatzen hasteko lehen bilera, uztailaren 23an

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 17a, 00:00

Datorren asteartean, uztailaren 23an, arratsaldeko 19:30etan Potxoenean. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen hasteko, Usurbilen deitu den lehen batzar irekiko hitzordua duzue horixe. "Lehen batzar honetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzera datorren prozesua aurkeztuko da", iragarri dute antolatzaileek. Prozesu honen bidez, "herritar eta langileok burujabetza praktikan jarri eta dagozkigun eskubide sozialak barnebilduko dituen gutuna osatuko dugu, botere ekonomiko eta gobernu neoliberalei irmoki erakutsiz, gu garela gure buruen jabe eta guri dagokigula gure eskubideak zein diren zehaztea".

Lehen batzar honetan, prozesua aurkeztu soilik ez, usurbildarrek gutunaren eraikuntza elikatu ahal izateko lan metodologia adostuko da. Hemen da beraz, iragan maiatzaren 30ean burutu zen greba orokorraren testuinguruan, greba hartako deitzaileek iragarri zutena. Ziotenez, "beharrezkoa den salaketa eta borrokatik harago joan behar da, alternatiba eraikitzeko. Beste eredu bat posible dela aldarrikatzetik eredu hori eraikitzera pasa behar dugu. Lehen urratsa, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna burutzea izango da. Honen bidez, euskal jendartearen indarrak bildu nahi ditugu, Euskal Herriarentzako bide propioa egiten joateko, eskubide sozial eta laboralen errespetuan eta justizia sozialean oinarrituko den eredua lortzeko". Gutun Soziala eratzeko abiapuntua beraz, finkatu da Usurbilen.