Lurzaindia sortu da, baserritar berriei laguntzeko

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 17a, 00:00

Iparraldean lehen mailako garrantzia duten erakundeen elkarlanez sortu da Lurzaindia elkartea. Besteak beste, Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB), sindikatuek, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak, 1.000 familiek edota baserritar multzoak biltzen dituen Inter-AMAK elkarteak abiatu dute egitasmo hau. Lurzaindiaren bidez, Iparraldean baserritik bizi nahi duten gazteak lagundu nahi dituzte.

Horretarako kanpaina bat abiatu berri dute, eta kanpaina hau Usurbila ere heldu da, Nafartarrak taldekoen eskutik. "Usurbilen badugu lehendik ere Iparraldeko ahalegin honen berri. Lurzaindia sortu da lehen GFA Lurra deitu zen elkartean oinarrituta. Usurbildar batzuk gogoan izango dute nola herritar askok lagundu zuten Zuberoan "Kako" baserria erosi nahi zuen nekazari gazte hark bizibidea martxan jartzen", adierazi dute Nafartarrak taldetik. Orain Lurzaindiak hori bera egin nahi du baina maila zabalagoan. 

Akziodun izateko aukera
Lurzaindiak herritar guztiei proposatzen diena zera da: Lurzaindiaren akziodun izatea, elkarteak lurrak erosi ditzan eta gero horietan instalatu baserritar izateko ikasi eta gogoz dauden gazteak. Lurzaindiaren akziodun izan daitezke bai pertsonak eta baita elkarteak ere. Akzio bakoitzak euro bat balio du; akziodunak gutxienez 20 euro inbertitu behar ditu. Akzioak kolpe batean erosi daitezke, baina baita hilabetero diru kopuru bat emanez. 2013a bukatzerako 350.000 euro bildu nahi ditu Lurzaindiak.

Kanpaina honen bidez, Iparraldean urtero moduan 1.000 hektarea lur on galtzea saihestu nahi da. Baserritarrek duten geroz eta lur falta handiagoari aurre egin. Baita bertan egindako produktuen kontsumo beherakadari, herrietako bizitza ahultzeari...

Informazio gehiago:
Lurzaindia-Bidouze karrika, 32-64120 Donapaleu
Telefono zenbakia: 00335 59654602.
E-posta: info@lurzaindia.eu
Web orrialdea: www.lurzaindia.eu