Eremua bera lehengoratuz, altxor bat izan dezakegula eta etorkizunean beste modu batez begiratuko diogula ingurune honi. Horixe zioen, Usurbilgo Udaleko alkateak Sarian bideratu asmo dituzten lehengoratze lanak aurkezteko, iragan astean Potxoenean burutu zen ekitaldi hasieran.
Are gehiago, egitasmo isolatu bat ez, hau, Saria ingurua bakarrik ez, egitasmo hau “Oriako itsasadarra berreskuratzeko” abiapuntua izango dela iragarri zuen Jose Maria Rivadeneyra ingurumen alorreko zinegotziak.
Hainbat onura ekarriko dituela diote: biodibertsitate gune aberatsa berreskuratzeko aukera, uholdeak saihestea edota tokiko ekonomia sustatzea. Uraren kalitatea hobetuz joan ahala, angulen arrantza edota turismoa bultzatzeko pizgarri izan baitaiteke. Krisi garai honetan, ekonomia berdea delakoa bultzatzeko aukera eskaini dezake egitasmo honek. “Zubieta-Orio arteko pasabide berdea sortzeko aukera dugu”, adierazi zuen ingurumen alorreko zinegotziak.
Aukera ugari eta aurkezturiko egitasmo berri hau, “mugarri historikotzat” jo zuen, Aranzadi zientzia elkarteko kide Juantxo Agirrek. Bere esanetan, Saria lehengoratzeko, “borondate politikoa, jakintza eta finantziazioa” batu dira proiektu honen bueltan. Beste hitz batzuetan esanda, erakunde desberdinen arteko elkarlana. Eta elkarlan horretan aurrera egiteko nahia, “urratsak ematea eta aurrera atera ahal izatea” nahi hau plazaratu zuen. Gogoan izan, Aranzadikoek dutela egina, Saria lehengoratzeari loturiko azterlana.
Bada zer egina
Udal ingurumen teknikari Ibon Goikoetxeak Sariaren erreferente gisa aurkeztu zituen iragan asteko ekitaldian, Urdaibai eta Txingudiko inguruneak. Bizkaiko kosta zati horretan, ingurune mailako berreskurapenetik haratago doa eta lortu dutena; ibilbideak, historia… sustatu baitituzte. Txingudin beste hainbeste, behatokia edota interpretazio gunearekin. Eremuotan egin duten lanketaren ildotik, Goikoetxeak zioenez, altxor bat dugu Oriako itsasadarra. “Bada non lan egina”, adierazi zuen.
Sariako lanketa eremua, udalarenak diren lurretan burutuko da. Iraganean erabilera desberdinetara bideratu den gunean hain zuzen. XX. mende hasieran eremua bera lehortu egin baitzen, erabilera industrialerako. Gerora nekazaritzara bideratu ziren lurrok. Baina gazitasun maila altuagatik, erabilerarik ez zuten. Makalak landatzeko ere baliatu da Saria ingurua. “Baina emaitza onik” ez dute eman Udaletik diotenez. Orain bai, legediak ematen duen aukera bakarra baliatuta, babes bereziko eremu hau lehengoratuko da. Besteak beste, Udalak eginiko ahaleginari edota Foru Aldundiari esker. Gipuzkoako erakunde nagusiak finantzatuko baitu proiektua. Lehengoratze lanak uda honetan bertan abiatuko dituzte.
Proiektua gauzatzea, 7 urteren buruan
Babes bereziko eremu izendapena jaso eta urte gutxira hasi zen Saria ingurua berreskuratzeko Udalaren lanketa:
2004: babes eremu izendapena lortzen du.
2006: Saria berreskuratzeko laguntza eskatzen dio Udalak Jaurlaritzari.
2009: Aranzadi elkartekoei azterlana egitea eskatzen zaie. Gero, geldialdia aurreproiekturako laguntza faltagatik.
2010: Aldundiarekin harremanetan hasten da Udala. Itsasadarra berreskuratzeko harremanak abiatzen dira erakunde desberdinen artean.
2013/6: Aldundiak finantzazioa heltzen da.
2013/8-9: lanen hasiera.