Herritarrek hitza hartuko dute ostegun honetan, Patxi Segurolaren estradizio eskaera salatzeko, gaur arratsaldeko 20:00etarako Mikel Laboa plazan deitu den agerraldian. Aginagarraren egoera salatzeaz gain, elkartasuna adieraziko zaio. Leku berean astelehenean EH Bilduk deituta burutu zen batzarrean, herritarrei hitzordu honetara bertaratzeko gonbita luzatu zitzaien. Elkarretaratzera bertaratu ziren herritarrekin taldeko argazkia atera zen gero.
Senideekin dago
Aginagarraren aurkako estradizio eskaera edozein unetan gauzatu liteke. Oraingoz ordea, azken bi urte eta erdi honetan bezala, Segurolak Autunen jarraitzen du konfinatuta. Asteburuan hainbat herritarren bisita jaso zuen eta senideak ere ondoan ditu aste hasieratik. Bisita hauen eta sare sozialen bidez jasotako mezuengatik, batzar informatibo hauetako deitzaileen bitartez, Segurolak eskerrak helarazi nahi izan dizkie herritarrei.
Indartsu omen dago, lasai, ahalik eta normaltasun handienez bizitzen, baina bere sorterrian egon nahi lukeela adierazi du. Egunean bitan jendarmeengana sinatzera joan behar izaten du. Eta antza, oraingoz jendarmeek ez dute jaso Segurola estraditatzeko agindurik. Bere aurkako estradizioa egunotan, edozein unetan gauzatu liteke. Hortik aurrera ordea, ez dago argi zer gertatuko den. Aginagarraren aurkako estradizio eskaerok, Euskal Herriko gatazka konpontzea blokeatzeko estatu espainiar eta frantziarrak erakusten duten jarreraren beste adierazgarrietako bat direla salatu da azken egunotako batzarretan.
"Gure herrikidea den Patxi jasaten ari den errepresioa salatu nahi dugu"
Patxi Segurolaren estradizioa eta "eszenatoki demokratikoa eraikitzeko bidean oztopo izan daitezkeen jokabideak alboratzea" eskatzen du EH Bilduk kaleratu berri duen oharrak. Aginagarra jasaten ari den errepresioa salatzen du koalizioak eta gaineratzen dutenez, "Usurbilgo eta Euskal Herriko jendarte osoaren aurrean aukera historiko hau galarazten ez uzteko eta konponbidea bultzatzeko konpromisoa baieztatu nahi dugu".
Honatx, EH Bilduk kaleratu berri duen oharra, bere osotasunean:
Patxi Segurola datozen egunotan estraditatua izateko arrisku bizian dago estatu frantseseko kartzeletan 11 urte eta erdi pasa eta gero, espainiar estatuak eskatutako estradizioaren zain bi urte eta erdi luze konfinatuta egon ondoren. Asteazkenean, uztailak 10, azkenik bere gaineko estradizio eskaera onartu zen Patxi Segurolak helegitea jartzeko zuen azken aukera ere ukatuz eta horrela, estradizioaren gauzapenari ateak irekiz. Honen aurrean, gure herrikidea den Patxik jasaten ari den errepresioa salatu nahi dugu.
Azken bi urteetan aldaketa sakonak izan dira Euskal Herrian. Konponbidearen aldeko adostasun zabalak eratu dira eta euskal gizarteak bere atxikimendua agertu dio konponbide prozesuari. Alta, espainiar eta frantziar estatuek aurreko egoerari zegozkion erantzunak ematen dizkiote egoera politiko berriari. Ez dago beraien jardunean aurrerapauso bat bera ere ez.
Bake justu eta iraunkorra eraikitzeak borondate irmoa eta konpromiso eraginkorrak eskatzen ditu. Estatuek euskal jendearen bake itxaropena zapuztu nahi dute. Horregatik, eszenatoki demokratikoa eraikitzeko bidean oztopo izan daitezkeen jokabideak alboratzea eskatzen dugu, Patxiren estradizioa kasu. Era berean, Usurbilgo eta Euskal Herriko jendarte osoaren aurrean aukera historiko hau galarazten ez uzteko eta konponbidea bultzatzeko konpromisoa baieztatu nahi dugu.