Ezustekorik egon da, Patxi Segurolaren aurkako estradizio eskaera salatu eta aginagarrari elkartasuna adierazteko herritarrek gaur arratsaldean Mikel Laboan burutu duten agerraldian. Ekitaldian jarria zegoen bozgorailutik zuzenean bere ahotsa entzuteko aukera egon baita. Telefonoz usurbildarrekin zuzenean bat egin du Patxik Autunetik. Herritarrek animu mezu artean, bera aske uzteko eskatuz eta txalo artean hartu dute aginagarraren deia. Patxik argi zioen, bizitzen ari dena "ez da une erraza. Ez dute esaten eguna noiz izango den". Eta egunero esnatu behar, zioenez, kezka eta horrek suposatzen dion urduritasunarekin.
Egoera eraman erraza ez dela zioen telefonoz, baina jasotzen ari den elkartasunak babes handia ematen diola adierazi du. "Mila esker zuen elkartasunagatik. Horrek indar handia ematen du", adierazi die usurbildarrei. Eta herritarrek txalo artean, Patxi aske uztea oihukatuz erantzun dute.
Mobilizazioak asteburuan
Agerraldi amaieran astebururako deituak dauden hitzorduak gogorarazi dituzte herritarrek. Batetik, larunbat arratsaldeko 16:00etan Bake Bideak bilguneak manifestazioa deitu du Baionan. Euskaldunen Plazatik abiatuko da. Bestalde, igandean, presoen eskubideen aldeko mobilizazioak burutuko dira Euskal Herriko hainbat hondartzetan. Usurbildarrek Donostian dute hitzordua, igande goizeko 11:45etan, nautiko inguruetan. Eta bukatzeko noski, Patxi Segurolaren estradizio eskaeraren gauzatzeari adi egoteko eskatu zaie herritarrei. Edozein unetan gauzatu baitaiteke.