"Patxi askatu" eta "estradiziorik ez! zioten kartelak eskutan zituztela agerraldi bidez salatu zuten herritarrek atzo Mikel Laboa plazan, edozein unetan gauzatu daitekeela Patxi Segurolaren aurkako estradizio eskaera.
Adi egoteko eskatu zuten ekitaldian zehar hitza hartu zuten herritarrek. Aipatu moduan edozein unetan gauzatu litekeelako aginagarraren aurkako estradizio eskaera. Agerraldiak, Segurolaren senide, lagun eta hainbat herritar bildu zituen. Horien artean, hitza hartu zuten, batetik aginagarraren lagun batek, Arantxa Manterolak. Asteburuan Autunen izan ziren Patxirekin eta kontatzen zuenez, nahiz Segurolak bizi duen egoeraz jakitun izan, beste gai batzuetaz solasean aritzeko tartea ere hartu zuten. Itzulerakoan animu artean agurtu zuten Patxi, baina autoan Usurbil aldera zetozela, "kotxean giroa nahiko pisutsua zen" zioen Arantxak. Besteak beste, kezkatuta itzuli ziren, ez baitakite, Patxi "espainiaratzean epaiketa justu eta inpartziala izango ote duen". Aginagarrak herritarren elkartasuna beharko duela zioen, "gu guztiok bidelagun izatea eskertuko du".
"Denon artean lortuko dugu"
Arantxa Manterolaren ondoan eserita zegoen, Patxiren seme gazteena, Harkaitz. Urte luzeotan etxean bizitako egoera latzaren kronologia egin zuen. Nola 12 urte zituela aitak etxetik alde egin zuen. Etxean aita aurkitzen ez zutela eta, ama eraman eta torturatu zuten. Nola gerora amaren tortura salaketa artxibatu duten. Eta baita 1999. urtetik gaur egun arte bizitakoaren lekukotza eskaini zuen. Urte hartan atxilotu zuten Patxi Segurola. Eta ordutik hamaika urte eta erdi pasa ditu kartzelan. Eta eurak, senideak, hamaika urtez, aita bisitatzeko milaka kilometro egin beharrean aurkitu dira. Baita Patxik konfinatuta igaro dituen bi urte eta erdiotan ere. Asteburuak eta opor egun asko, bidean xahutu behar. "Pixkanaka itzaltzen zoaz", adierazi zuen Harkaitzek. Baina egun bizi dugun garai honetan, "konponbiderako argia ikusten dut", aipatu zuen. Eta gobernuen jarrera inmobilista deitoratzearekin batera, "denon artean lortuko dugu" zioen.
Patxiren deia
Ezustekorik egon zen atzo, Patxi Segurolaren aurkako estradizio eskaera salatu eta aginagarrari elkartasuna adierazteko herritarrek Mikel Laboan burutu zuten agerraldian. Ekitaldian jarria zegoen bozgorailutik aginagarraren ahotsa entzuteko aukera egon baitzen. Patxik telefonoz usurbildarrekin zuzenean bat egin zuen Autunetik. Herritarrek animu mezu artean, bera aske uzteko eskatuz eta txalo artean hartu zuten Segurolaren deia. Patxik argi zioen, bizitzen ari dena "ez da une erraza. Ez dute esaten eguna noiz izango den". Eta egunero esnatu behar, zioenez, kezka eta horrek suposatzen dion urduritasunarekin.
Egoera eraman erraza ez dela zioen telefonoz, baina jasotzen ari den elkartasunak babes handia ematen diola adierazi zuen. "Mila esker zuen elkartasunagatik. Horrek indar handia ematen du", adierazi zien usurbildarrei. Eta herritarrek txalo artean, Patxi aske uztea oihukatuz erantzun zuten.
Mobilizazioak asteburuan
Agerraldi amaieran astebururako deituak dauden hitzorduak gogorarazi zituzten herritarrek. Batetik, larunbat arratsaldeko 16:00etan Bake Bideak bilguneak manifestazioa deitu du Baionan. Euskaldunen Plazatik abiatuko da. Bestalde, igandean, presoen eskubideen aldeko mobilizazioak burutuko dira Euskal Herriko hainbat hondartzetan. Usurbildarrek Donostian dute hitzordua, igande goizeko 11:45etan, nautiko inguruetan. Eta bukatzeko noski, Patxi Segurolaren estradizio eskaeraren gauzatzeari adi egoteko eskatu zitzaien herritarrei. Edozein unetan gauzatu baitaiteke.
ADIERAZPENA
Atzoko agerraldian zehar bestalde, honako adierazpen hau ere irakurri zuten:
Maiz hitz egiten da herritarrez, askotan hitz egiten da herriaren izenean, gure ahotsa ordezkatu nahian. Baina gaurkoan guk, herriak, herritarrok, ahotsik gabekook dugu hitza. Zuzenean hitz egitera etorri gara hona!
Urte luzez darraien gatazka politikoaren erdigunea gara, Euskal Herria osatzen dugun herritarrak, izan etorkin, izan euskal eledun, izan gazte, izan langile. Finean, gure hitza eta erabakia ukatuak izan zaizkigu, gure askatasuna eta burujabetza ukatu dizkigute legalitatearen eta demokraziaren izenean. Baina, zer ote da demokrazia herritarren boterea ez bada? Eskubideez mintzo dira, baina, non dago gure etorkizunaren jabe izateko eskubidea? Libre izan al gaitezke gure etorkizunaren gaineko erabakirik hartu ezin badugu?
Gatazka politiko honi, behin-betiko konponbidea eman nahi diogu hemen aurkitzen garen herritarrok, hemen elkartu garen eta Euskal Herria osatzen dugun herritar guztion eskubide oro bermatua izan dadin. Aspaldi honetan horretan gabiltza, euskal herritarron gehiengo zabalak horretan dihardugu, adostasunak josi eta frantziar eta espainiar estatuek behingoz bake iraunkorra eraikitzeko norabidean ibilarazteko, herri presioak eraikiz.
Dena den, gaur gaurkoz, ez dugu behar adinako herri presiorik sortu, eta espainiar eta frantziar estatuak beraien inmobilismoaren gerizpean eroso sentitzen direla dirudi, konponbidea blokeatu nahian, egunetik egunera benetako demokrazia eta bakeranzko bideari oztopoak jarriz. Patxiren estradizioa beraz, testuinguru horretan kokatzen dugu hemen aurkitzen garen herritarrok. Hau dela eta, estradizio hau, euskal herritarrok eta Euskal Herriak irmotasunez hartutako gatazkaren konponbidearen aurkako oztopo den neurrian, esan beharrik ez dago eraso hau ez dela Patxiren aurkakoa soilik, baizik eta Euskal Herriari berari egiten zaion eraso frontala dela. Frantziar Estatuak kasu honetan, eraso egiten dio garai berria zabaltzeko herritarrok agertu dugun erabakiari. Honen arrazoia, argia da, gatazka betikotu nahi dute, bakearen beldur direlako, herritarron hitza eta erabakiaren beldur direlako!!!
Plaza honek oroitarazten duen hark ozen kantatzen zuenez, “Bat inon loturik deino, ez gara libre izango”. Eta libre izan nahi dugunez, herritarrok Patxiren estradizioa eta oro har, gatazkaren konponbidearen aurkako eraso oro salatu nahi dugu. Baina, gaurkoan salaketatik haratago joateko asmoa adierazi nahi dugu. Denon artean ehuntzen joan garen elkartasun sare hau konpromiso eta antolakuntzaren isla den harresi herritarrean gorpuztea lortu behar dugu, atxiloketei ezetz esanez, eskubide urraketa oro salatuz, eta ezbairik gabe, Patxiren aurkako estradizioa geldituz. Hortik soilik iritsiko dira garai berriak Euskal Herrira, eta prozesu horretan, guk, herritarrok, izan behar dugu bermea.
Hori da herritarron erronka, eta beraz, horretan berresten gara.
Gora gu ta gutarrak!!!
Patxi askatu!!! Estradiziorik ez!!! Gu konponbidearen alde!!!