Urdaiagako San Esteban jaiak, abuztuaren 1etik 4ra

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 19a, 00:00

Zubietako Santioak amaitu eta biharamunean, Urdaiagara igotzera animatzen gaituzte bertako Jai Batzordeko kideek. Gonbita luzatua dago eta Urdaiagara igotzeko bidea zabalik dute, bertako nahiz kanpotik bertaratu asmo dutenentzat. Gustuko kontuetan aldaparik ez omen da izaten, eta abuztuaren 1etik 4ra ospatuko diren Xanixtebanetan izango da bai, ermita aurreko plazara gerturatzeko aitzakia bat baino gehiago. Txupinazora adibidez, baina iratzargailua oso goiz jarri beharko da.

Abuztuko lehen egunean, goizaldeko 5:45etan jaurtiko dute jaiei hasiera emango dien suziria. Eta gero, oilasko biltzera. Oilasko Biltzaileen Eguna ospatuko baitute Urdaiagan, abuztuaren 1ean. Biharamunean, haurrei zuzenduriko ekitaldiak. Eta gauean, bezperako Akerra Gaztetxeko kontzertuen ostean, eta 2013rako iragarri zuten itzulera biraren baitan, Sen taldekoen emanaldiaz gozatu ahal izango da, gaueko 23:00etatik aurrera. 

Arzallus, Alberdi eta Gaztelumendi, afalostea girotzen
Larunbat goizaldera arteko bidea egiten, Laket taldekoek lagunduko dute. Biharamunean, San Esteban egunean, Laiotz taldekoek. Aurretik ospatuko dira, herri afaria eta bertso saioa. Aurten, Amets Arzallus, Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendirekin. Gai jartzaile lanetan usurbildar bat arituko da; Leire Iturrioz. 

Aurretik San Esteban eguneko ohiko ekitaldiak ospatuko dira. Meza, hamaiketakoa, jubilatuen bazkaria eta auzotarren arteko jokoak. Eta herri kirolak eta erromeria, abuztuaren 4an, jaiak amaitzeko. Zenbat kontu izango ote den aurten ere, Urdaiagako plaza inguruan, baita goiko zein beheko txosnan ere. Entzutekoak eta ikustekoak izango dira ziur. Honatx Jai Batzordekoek aurtengo festetarako prestatu duten egitaraua;

Abuztuak 1, osteguna: Oilasko Biltzaileen Eguna
05:45 Txupinazoa!
06:00 Oilasko biltzaileen irteera.
14:00 Oilasko biltzaileen bazkaria, Aialde-Berri sagardotegian.
Gauean, kontzertuak Akerra Gaztetxean.

Abuztuak 2, ostirala: Umeen Eguna
11:00
Marrazki lehiaketa.
Ondoren, haurren jolasak eta buruhandiak.
18:00 Umeentzako xexenak eta pottokak.
Ondoren, txokolatada eta buruhandiak.
23:00 SEN taldearen kontzertua.
Ondoren, Laket taldearekin erromeria.

Abuztuak 3, larunbata: San Esteban Eguna
11:00
Meza nagusia.
Ondoren, zahagi banaketa (Espumosos Txapeldunen eskutik) eta Usurbilgo Dantza Taldearen emanaldia.
14:00 Jubilatuen bazkaria Zumeta jatetxean (Berriola Fagor eta Ingemarren eskutik).
15:30 Mus-txapelketako izen-ematea.
16:00 Mus txapelketa.
17:30 Auzotarren arteko jokoak.
21:00 Herri afaria (norberak ekarria, kafea, postrea eta kopa jai batzordearen eskutik).
Ondoren, bertso saioa: Uxue Alberdi, Amets Arzallus eta Beñat Gaztelumendirekin. Gai jartzailea: Leire Iturrioz.
Gauean, Laiotz taldearekin erromeria.

Abuztuak 4, igandea
9:30
Meza.
Ondoren, hamaiketakoa eta toka txapelketa.
18:00 Herri kirolak: Emakumezkoak eta gizonezkoak.
Ondoren, hirugihar banaketa eta Elustondo anai-arreben erromeriarekin festei amaiera emango zaie.

Antolatzailea: San Estebango Jai Batzordea.
Oharra: Jai Batzordeak ez du jai egun hauetan gerta daitezkeen kalteen erantzukizunik hartzen.